Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hamalau emakumek jaso dute formazioa instalazioen garbiketan eta Covid-19 protokoloetan 'Zuekin-lan' enplegu programaren bidez

 'Zuekin-lan' enplegu programaren parte hartzaileak.

'Zuekin-lan' enplegu programaren parte hartzaileak.

2021/07/20

Parte hartzaileen erdiek lan merkatuan sartzea lortu dute formazioa amaitu eta enpresetan praktikak egin ondoren. Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza sailak sustatutako programak lan eta gizarte arloko orientaziorako ekintzak ere jaso ditu.

Guztira, hamalau emakumek hartu dute parte azken hilabeteetan ‘Zuekin-Lan’ enplegurako prestakuntza programan. Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza sailak bultzatutako ekimen honi esker, parte hartzaileen erdiek, 7, lan-merkatuan sartzea lortu dute. Gizarte eta lan arloko orientaziorako eta ahalduntzerako ekintzez gain, formazio espezifikoa jaso dute instalazioen garbiketan eta Covid-19 protokoloetan.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, "Prestakuntza-programa honen balantze positiboa horrelako ekimenak gauzatzearen garrantziaren beste adibide bat da, laneratzeko zailtasun gehien dituzten pertsonei lan-arloan dituzten aukerak areagotzeko behar dituzten tresnak ematea ahalbidetzen baitute. Horrelako politikak garatzen jarraituko dugu, garrantzi berezia dutenak krisi-une hauetan.”.

Urtearen hasieran egin zen hautaketa prozesuaren ondoren, aukeratutako pertsonek —guztiak ere 25 eta 55 urte bitarteko emakumeak, langabeak eta Eibarren erroldatutakoak— gizarte eta lan arloko orientaziorako ekintza indibidualetan parte hartu zuten, intsertziorako diagnostiko eta ibilbide pertsonalizatu batzuk ezarrita. Programaren hurrengo fasea ahalduntzerako tailerrak antolatzea izan zen (enplegagarritasuna hobetzeko zeharkako gaitasunak eta lana bilatzeko gaitasun digitalak).

Jarraian, martxoan zehar, Instalazioen Garbiketa eta Covid-19 Protokoloak izeneko formazioa egin zen; guztira 60 ordu izan ziren eta honako eduki hauek landu ziren: altzarien garbiketa eraikinen barruan, komunen garbiketa, kristal eta hormen garbiketa, lurzoruen eta terrazen tratamenduak, bai eta kasu bakoitzerako erabili behar diren teknikak, tresnak, produktuak eta makinak ere. Formazio praktikoa Armeria Eskolako instalazioetan egin da, hauek oso egokiak izan baitira parte-hartzaileek jasotako ezagutzak aplikatu ahal izateko.

Formazioa amaituta, apirilean Eibarko eta inguruetako enpresetan praktikak egiteko epe bati ekin zitzaion, eta parte hartzaile bakoitzak 20 orduko praktikaldia egin zuen.  Praktikak amaitzean, 14 emakumeetatik, bik egin zituzten zentroan bertan lanean segitu zuten, eta beste bostek lana lortu zuten behin formazioa eta praktikaldia bukatuta. Gainera, programan parte hartu duten beste hirurek beste entitate batzuetan egin behar dute formazioa.

Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak, Udalak sustatutako ‘Zuekin-Lan’ programa aurrera eramateko ardura hartu duena, emaitzen balorazioa oso positiboa dela esan du, bai antolatzaileen aldetik, bai parte hartu zuten emakumeen aldetik, bai praktikak egin zituzten enpresen aldetik.