Eibarko Udala

Hamabost langabek hartu dute parte Udalak sustatutako fabrikazio mekaniko eta soldadurari buruzko enplegu-programa batean

2022/11/10
Artxiboko irudia.

Programa amaitu dutenen % 62k lortu dute lan-merkatuan sartzea, eta, horrela, bi pertsonak atzerritartasun-egoera erregularizatzea lortu dute. Egitasmoa Armeria Eskola Elkartearen lankidetzarekin egin da martxotik irailera bitartean.

Langabezian zeuden hamabost pertsonak fabrikazio mekanikoari eta soldadurari buruzko enplegu-programa batean parte hartu dute, martxotik irailera bitartean; proiektua Eibarko Udalak jarri zuen abian, Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bitartez, Armeria Eskola elkartearekin lankidetzarekin.

Programa amaitu ondoren jakitera eman diren emaitzen arabera, prestakuntza hasi zuten hamabost ikasleetatik hamahiruk fase guztiak burutu dituzte, baita lantokietako praktikak ere. Eta hamahiru ikasle horietatik 7k, kontratu batekin, lortu dute lan-merkatuan sartzea eta haietako beste bat kontratu barik. Datu horien arabera, % 62k lortu dute lan bat.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “programan lortutako emaitza on horiek erakusten digute Eibarko Udalak hainbat eragileren laguntzarekin eskaintzen dituen prestakuntza-aukerak oso baliagarriak direla, parte-hartzaileek enplegu berri bat aurkitzeko eta/edo lan-esparruan praktikan jar ditzaketen trebetasun berriak eskuratzeko aukerak areagotzen dituztelako”.

Gainera, lana lortu ez duten parte-hartzaileetako hiruk trebatzen jarraitzen dute. Eta programan parte hartu duten bik beren atzerritartasun-egoera erregularizatu ahal izan dute, aurrekontratu bat eskuratuta.

Lortutako enplegagarritasun-tasak, programaren sustatzaileen arabera, oso onak izan dira, kontuan izanik, formazioan parte hartu duten pertsona gehienak gizarte-bazterketa arriskuan zeudela.  Gainera, egitasmoan parte hartu dutenek egin duten amaierako balorazioa oso ona izan da eta gogobetetze-maila oso altua.

Programaren barruan honako edukiak sartu dira: garapen pertsonaleko gaitasunak, txirbil-harroketa bidezko mekanizazioko gaitasun teknikoak, soldadurako gaitasunak eta orga jasotzaileak gidatzeko gaitasunak, enpresetako praktikak eta laneratzeko laguntza.

Programa hauek lortu dute parte-hartzaileen gaitasun teknikoak zein zeharkakoak hobetzea, eta, horri esker, ikasleek gaitasun berriak eskuratu dituzte aurrerantzean lan-aukera hobeak izateko.