Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Guinness marka bat hausteko 2.500 lagunek osatutako irudi bat egingo da Untzaga plazan ekainaren 22an

2017/05/19

Helburua da ekitaldi berritzailea, ausarta, originala eta erronkazalea prestatzea; Eibarren AKEBAI plataformak antolatu du.

Eibartarron ezaugarriekin bat datorren ekitaldia prestatu nahi da ekainaren 22an, iluntzean Untzaga plazan; berritzailea, ausarta, originala, erronkazalea. Hain zuzen ere, 2.500 lagunek osatutako irudi bat egingo da Guinness marka bat hausteko.

Marka horrekin Euskararen Plan Estrategikoa garatzeko eratu den “Eibarren AKEBAI plataforma aurkeztuko da. Udalak, Eibarko eragileek eta herritarrek osatua dagoen plataforma. Oso proiektu irekia, berritzailea, bateratzailea, anitza, ausarta eta parte-hartzailea da; Eibartarron parte-hartzearekin eibartarrontzat egina. Denok dugu hor lekua, eibartar guztiok.

Lehenengoz egingo da Eibarren tamaina horretako ekitaldi bat. Auzoetatik abiatu eta Untzaga plazan elkartuko gara denok: ume, gazte, zahar; emakume, gizon; ikasle, bihargin, langabetu, pentsionista; irakasle, kirolari, bulegari, kazetari, dantzari, musikari, merkatari, tabernari; talde, ekimen, elkarte, erakunde, etabar.

Batzar informatiboak

Ekitaldi horren inguruko informazioa emateko batzarrak egingo dira datorren astean herriko hainbat gunetan: hilaren 22an, 19:00etan, udaletxean, erdiguneko herritarrentzat; Urki-Legarreinguruko bizilagunentzat, maiatzaren 23an, 19:00etan, Portalean; Amaña-Legarre ingurukoentzat, berriz, Armeria Eskolan, hilaren 24an, 19:00etan eta Urkizu-Azitain eta inguruan bizi diren eibartarrentzat, …eta kitto!-ko egoitzan, maiatzaren 25ean, 19:00etan.

Deialdia irekia da eta herritar guztiak animatzen ditugu bileretan parte hartzera.