Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

GNAT Zinema (Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldia) Eibarrera itzuliko da bi filmarekin

Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiaren II. edizioko aurkezpenaren irudia.

Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiaren II. edizioko aurkezpenaren irudia.

2022/05/03

Eibarren bi film proiektatuko dira GNAT Zinemaren barruan: maiatzaren 12an, «Lo que el pulpo me enseñó» eta maiatzaren 19an, «The magnitude of all things». Bi proiekzioak Coliseo Antzokian eskainiko dira eta sarrerak doakoak izango dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak  II. Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldia aurkeztu du Eibarren. Erakustaldi hori maiatzaren 10etik 20ra bitartean egingo da Gipuzkoako bederatzi udalerritan. Gipuzkoa Naturaldia publiko guztiei zuzendutako ekitaldi eta baliabideen programa bat da, oro har naturarekiko harremana eta, bereziki, Gipuzkoako naturarekiko harremana bultzatzera bideratutakoa, eta Gnat Zinema ekimen horren parte da.

Zinema erakustaldi honen helburua gertuen dagoen naturaren kalitatea zabaltzea da, pertsonok naturarekin ditugun harremanetan sakonduz. Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azpimarratu duenez, «hamarkada erabakigarri batean gaude aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko, eta garaia da ingurumenarekiko  sentsibilizazioa berpizteko eta gure gizartea irizpide iraunkorren arabera berreraikitzeko kontzientzia kolektiboa indartzeko». 

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi du, halaber, Gnat Zinema proiektua zabalik dagoela naturaren alde zerbait egin nahi duen ororentzat, bai naturaren defentsaren arlotik, bai sormenaren dibulgazioaren arlotik. Era berean, Asensiok azpimarratu duenez, «zinema erakustaldi honek meditaziora gonbidatzen gaitu, errealitateaz jabetzera, eta nor garen eta gure ingurunearekin nola erlazionatzen garen hausnartzera».

Jon Iraola Eibarko alkateak hau adierazi du: “Klima-aldaketaren ondorioak agerikoak dira. Gure ingurune naturala eta biodibertsitatea erabat aldatzen ari dira gizakiaren ekintzaren ondorioz, baina oraindik garaiz gabiltza murgilduta gauden joera suntsitzailea aldatzeko. Horretarako, hezkuntza eta kontzientziazioa ezinbestekoak dira, eta horixe da ekimen honen helburu nagusia.”

Alde horretatik, Iraolak gaineratu duenez, “Eibarko Udalak aurten ere parte hartu nahi izan du proiektu honetan, modu grafiko eta zuzenean, kalitate handiko irudiekin, gure ingurumenaren egoera erakusten duelako. Ziur  nago, berriro ere, ezinezkoa izango dela axolagabe geratzea dokumental hauek erakutsiko diguten errealitatearen aurrean.”

Eibarren proiektatuko diren filmak: maiatzaren 12an, «Lo que el pulpo me enseñó» eta maiatzaren 19an, «The magnitude of all things».

«Lo que el pulpo me enseñó» filmak dokumental onenaren Oscar saria lortu zuen 2021ean; hain zuzen, zinemagile baten eta Hegoafrikako alga-baso batean bizi den olagarro baten arteko adiskidetasunaren istorioa da. Craig Foster zuzendaria zinemagile eta dokumentalista hegoafrikarra da, eta baita ere ozeanoak babestera bideratutako Sea Change Project  fundazioaren sortzailea. Dokumentalean, bere munduko misterioak partekatzen dituzten bitartean, animalia horrek erakutsi dion guztia kontatzen du zuzendariak.

«The magnitude of all things» dokumentalak Jennifer Abbott zuzendariaren istorioa kontatzen du, eta paralelismo sinbolikoa egiten du minbiziaren ondoriozko bere ahizparen heriotzaren eta aldaketa klimatikoaren larritasunarekiko kontzientzia sakonaren artean. Jennifer Abbottek, Sundance eta Genie zinemaldietan sarituak, 25 urte daramatza gizarte, politika eta ingurumenaren inguruko bere kezkak azaltzen.  Proiekzioaren ondoren, hitzaldia izango da Laura Vozmediano psikologoarekin, EHUko Ingurumen Kriminologiako eta Psikologia Kriminaleko irakaslea.

“Trienekens Plogging Run” egingo da Coopera Congo Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat funtsak biltzeko

Pablo de la Chica zuzendariaren Mama film labur dokumentalaren protagonista  den Gobernuz Kanpoko Erakundearen alde dirua biltzeko, maiatzaren 22an, Higer itsasargian, "Trienekens Plogging Run” egingo da, hau da, familia-plogging bat. Mama filmak dokumental onenaren Goya saria lortu zuen azkeneko edizioan.   Trienekens Plogging Run delakoaren helburua da hiru kilometroko ibilbidea egitea, zaborrak biltzeko eta ingurumena babesteko sentsibilizazioan sakontze aldera. Ibilaldiaren aurretik jolasak, birziklatzeari buruzko zozketak eta aurrez berotzeko baliagarri izango den zumba klasea antolatu dira, eta «Trienekens Plogging Run» ekimena amaitu ondoren, aperitibo bat emango zaie parte-hartzaile guztiei; halaber, pisatu egingo da bildutako zaborra. Izena emateagatik 5 euro kobratuko dira eta horrela bildutako dirua Coopera Congo GKErentzat izango da. Erakunde horrek Lwiro-ko primateen errehabilitazio zentroa kudeatzen du, eta zentro horren arduradunak eta zaintzaileak dira GnatZinema 2022 irekiko duen MAMA dokumentalaren protagonistak.

Ikastetxeetarako proiekzioak

Aurtengo edizioaren esparruan, Eibarko Udalarekin elkarlanean, naturari buruzko zinema-proiekzioak antolatu dira DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei zuzenduta. Proiekzioak maiatzaren 17an eta 18an izango dira Eibarren, eta Lexeia Larrañagaren eta Alexander Gutierrezen Natura Bizia dokumentala proiektatuko da. Zuzendari horiek proiekzioetan parte hartuko dute, ikasleekin kontzientziazio-hitzaldiak egin ahal izateko. Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, «ikus-entzunezkoa tresna bikaina da gazteenen interesa erakartzeko, eta Natura Bizia dokumentala eta bertan parte hartzen duten zuzendari gazteak estimulu ezin hobea dira ikasleen errespetua eta sentsibilizazioa pizteko ingurunea zaintzeko ahaleginean. Gazteei planeta zaintzen irakastea etorkizunean inbertitzea da»

Sarrerak doan

Gnat Zinema 2022, II. Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema  Erakustaldiaren saio guztietarako sarrerak DOAKOAK izango dira, eta sarrerak erosi ahal izango dira egoitza bakoitzaren ohiko bideak erabiliz eta/edo esteka honen bidez, non saio bakoitzeko sarrerak nola eskuratu azaltzen den: https://gip.eus/sarrerak