Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gizarteratze Mahaia lanean ari da, Eibarko Udalaren laguntzarekin

Artxiboko irudia. Eibarko Udala.

Artxiboko irudia. Eibarko Udala.

2024/03/25

Mahaiaren helburua da koordinaziorako espazio bat sortzea banakako orientazioaren irizpidearen arabera eta informazio-trukea erraztea. 2020tik dago martxan. Zaurgarritasunari buruzko azterlana pandemia osteko unean jasotako datuetan oinarritzen da, aldi hartan biztanleriak zuen egoera sozio-ekonomikoaz jabetuta.

Gaur egungo gizartean, ugariak dira bazterketa sozialeko egoeren arrazoiak, hasi kanpoko aldagaietatik eta pertsonen bizi-ibilbideek berezko dituzten elementuetaraino.  Nahiz eta abiapuntu ohikoena zaurgarritasun ekonomikoa izan, egoera horretan hainbat faktorek eragiten dute. Lan-formazioaren eta bazterketaren edo inklusioaren arteko lotura nabarmena da, baina beste elementu batzuk ere aintzat hartzekoak dira, hala nola osasun fisikoa eta mentala, bai eta informazioa eta formazioa eskuratzeko aukera ere. Hori dela eta, gizarteratze-alorreko esku-hartzeak zeharkakoa eta multisektoriala izan behar du.

Jakitun izanik zaurgarritasuna eta bazterketa soziala lantzeko beharra dagoela gure herrian, hasiera eman zaio gizarteratzeko sistemen eta eragileen arteko koordinazio-mahai baten sorrerari.

Koordinazio-mahai hau tresna bat da tokiko sistemetako eragileen arteko harremanen eta interakzioen sarea errazteko, eta, besteak beste, honako arlo hauek landuko ditu: enplegua eta diru-sarreren bermea, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza, etxebizitza eta osasuna (lehen mailako arreta eta osasun mentala).

Hauxek dira mahai honen helburuak: eragileen arteko elkarreragina sustatzea, banakako zein familia mailako ekintzak koordinatzea bidezkoak diren ezagutza eta baimenekin, eta informazio-trukea erraztea esku-hartze eraginkorrak egiteko, entitate bakoitzaren ekintzen ezagutzan oinarrituak.

Mahai honek ahalbidetzeko asmoa du ikuspegi indibidualizatuagoa izatea esku-hartzean, pertsonen bizi-uneak, gaitasunak, baliabideak eta potentzialtasunak kontuan hartuta. Pertsona jartzen du esku-hartzearen erdigunean, bitartekoak haren premietara egokituz.

Azpimarratu behar da herriko gizarteratze-mahaia lanean ari dela dagoeneko, eta bilerak egiten direla aldian behin, non eragileek ekintzak zuzentzen dituzten ezarritako helburuak lortzeko. Udalaren gizarteratze-politikak dirulaguntzetatik harago doaz. Norbanakoaren esku-hartze sozio-edukatiboan zentratzen dira, pertsonei beren ibilbide desberdinetan zehar laguntzeko, ongizate sozial, fisiko, ekonomiko eta emozionalerako behar dituzten baliabideak emanez.