Gizarteratze- eta laneratze-programa batean parte hartu duten hamar gaztek eraberritu duten Ondamendi prestakuntza-gunea inauguratu da
Eibar-Ekialdea Berritzen proiektua Eusko Jaurlaritza, Lanbide, Eibarko Udala, Debegesa eta Azitaingo OLHUIren arteko lankidetzaren emaitza da, eta egoera zaurgarrian dauden gazteak laneratzea du helburu, prestakuntza-, orientazio- eta kontratazio-prozesu baten bidez.
Eraberritze fasea amaituta, gaur, osteguna, inauguratu dute gunea. Ekitaldian parte hartu dute proiektua bultzatu duten erakundeko ordezkariek: Jon Iraola Eibarko Alkatea, Vanesa Hortas Eibarko Udaleko Garapen Ekonomikoko zinegotzia, Asunción Amenabar Eibarko Lanbideko zuzendaria, Asmae Ourdi Debegesako Enplegu eta Gizarte Berrikuntza Saileko teknikaria, Amaia Osoro Azitaingo OLHUIren zuzendari pedagokikoa eta programako parte-hartzaileak.
Proiektu honen bidez, prestakuntza-, orientazio- eta kontratazio-ibilbide bat jarri da martxan, eta, horren baitan, Ondamendiko prestakuntza-espazioaren erreforma integrala egin dute langabezian zeuden 10 gaztek.
Gazte horiek, 19 eta 29 urte bitarteko 3 neskak eta 7 mutilek, programak iraun duen 12 hilabeteetan zehar hainbat gaitasun eskuratu dituzte: igeltserotza, pladurra jartzea, iturgintza, barrutik eta kanpotik isolamenduak jartzea, pintura lanak, aroztegia, sabai faltsua jartzeko prozedura, zoruen kolokazioa eta elektrizitatea.
Lan horien helburua Ondamendiko espazio publikoa birgaitzea izan da, prestakuntza-erabileretara bideratu ahal izateko. Une honetan, esaterako, Hezkuntza Sailaren Eskolatze Osagarriko Programako ikasleak daude klaseak jasotzen.
Konkretuki, lan hauek egin dira aipatutako espazioan: estalki guztia ehun asfaltikoz berritu, fatxada SATE sistemaz isolatu, barruko trenkadak kendu eta pladurrezko trenkada berriak jarri, PVCzko leiho berriak instalatu, bainugela eta aldageletako horma eta zoruetan azulejuak ipini, hormak eta sabaiak margotu, geletan sabaiak jaitsi (akustikagatik) eta laminatutako zorua ipini, eta ikasgelako eremuetan, aldageletan, korridoreetan zokaloak jarri eta gela guztietan ate berriak instalatu.
Azken batean, espazioaren funtzioa behar bezala garatu ahal izateko behar diren energia-eraginkortasuna eta erosotasuna hobetu dira, prestakuntza-erabileretarako eta erabilera komunitarioetarako.
Bi fase: prestakuntza eta enplegua
Programako lehen fasean, prestakuntza teknikoa egin dute bi hilabetez, beka ekonomiko bati esker, eta horrekin Estaldura arinen eta eraikuntzako tekniken oinarrizko eragiketen profesionaltasun-ziurtagiria lortu dute. Bigarren fasean, 10 hilabeteko iraupena zuen txandakako prestakuntza kontratua eskaini zaie, eta SATE eta Pladur sistemetan espezializatutako prestakuntzekin bateratu dute.
Eibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak finantzatu dute programa, Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetzaren bidez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin batera. Izan ere, programa Eibarko ekialdeko hiria berroneratzeko proiektuarekin lotuta dago.
Bideoa