Eibarko Udala

Gipuzkoako Egile Hanburgesen I. Lehiaketa ospatuko da larunbat honetan Eibarren

2022/05/27
Gipuzkoako I. Egile Hanburgesen Lehiaketaren aurkezpenaren irudia.

Gipuzkoako 28 harategi eta urdaitegik hartuko dute parte. Lehiaketa bi kategoriatan banatuko da: Egile Hanburgesa Tradizionala eta Egile Hanburgesa Berritzailea. Guztiak freskoan eta kozinatuan puntuatuko dira, eta epaimahaiak horien ehundura, zaporea eta aroma baloratuko ditu.

Harakinak, Gipuzkoako harakin eta urdaitegien elkarteak eta Gipuzkoa Merkatariak elkarteak Gipuzkoako Egile Hanburgesen I. Lehiaketa antolatu dute larunbaterako, maiatzak 28. Gaur goizean aurkeztu dute ekimena prentsaurrekoan Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak, Ana Aramberri Gipuzkoako Merkataritza Federazioak Eibarren duen bulegoko zuzendariak, Ainhoa Maiztegui Gipuzkoako Merkataritza Federazioko Bulego Teknikoko ordezkariak eta Mikel Urrestarazu Gipuzkoako Harakinen Elkarteko presidenteak.

Ekitaldiaren helburua da Gipuzkoako txikizkako harategi eta urdaitegietan dastatu daitekeen lehengaiaren kalitatea nabarmentzea eta bertako produktuen kontsumoa sustatzea. Helburu horrekin, ekitaldian zehar hanburgesa dastaketa bat eskainiko da Gipuzkoako urdaitegi eta harategietan eros daitezkeen aukera ezberdinak ezagutzeko, batzuk benetan originalak eta goxoak.

Horrela, larunbat honetan, goizeko 11:00etatik aurrera, Errebal Plazia lehiaketa honen lehen edizioaren eszenatoki bihurtuko da. Gipuzkoako 28 harategi eta urdaitegik hartuko dute parte; zehazki, ondorengo herrietakoak: Aretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Beasain, Donostia, Eibar, Ibarra, Lasarte-Oria, Ordizia, Orio, Tolosa, Usurbil, Zarautz eta Zumaia.

Egilearen hanburgesa etiketak produktu hautatuan eta prestatzen dutenen ezagutzan eragiten du bereziki, kasu askotan belaunaldiz belaunaldi sektore horretan aritu diren familietako kideak baitira, eta horrek azken produktuaren bikaintasuna bermatzen du.

Bi kategoria ezberdin

Lehiaketa bi kategoriatan banatzen da: Egile Hanburgesa Tradizionala eta Egile Hanburgesa Berritzailea. Guztiak freskoan eta kozinatuan puntuatuko dira, eta epaimahaiak horien ehundura, zaporea eta aroma baloratuko ditu. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Mireia Alonso, sukaldari, ekintzaile eta Krabelin sukaldaritza-enpresako arduraduna; Koldo Lasa, Lasa jatetxeko sukaldari ezaguna; Fermin Pinzolas, Laiatekekoa, eta Juanjo Larrañaga, sukaldari erretiratua. Eztabaidatu ondoren, sariak 13:45etik aurrera banatuko dira.

Egile-hanburgesa tradizionalaren kategorian, haragia behikiaren eta gehienez ere % 20ko txerrikiaren arteko nahasketa izango da, eta baratxuria, perrexila, arrautza eta gatza aukeran. Egile-hanburgesa berritzailearen kategorian, berriz, nahasketa erabat librea izango da; beraz, behia, oilaskoa edo arkumea erabil daiteke, besteak beste.

Ekimen honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Merkataritzako Ostalaritzak parte hartzen dute. Eibarko Udalak, ekitaldia diruz laguntzeaz gain, Errebal Azokako gunea ere lagako du, eta Gipuzkoa Okinak Gipuzkoako okinen elkarteak, berriz, lehiaketa eta publikoaren dastaketak egiteko behar den ogi guztia emango du.