Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Gipuzkoa Argitu' programako aurrez aurreko tailerrak aurkeztu dituzte

'Gipuzkoa Argitu' programako aurrez aurreko tailerrak aurkeztu dituzte

Miguel de los Toyos Eibarko alkatea eta José Antonio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Diputatua.

2018/06/06

Gipuzkoa Argitu tresna multzo bat da Gipuzkoako etxebizitza, denda eta enpresa txikiei zuzendua, argindar kontsumoa modu errazean murriztea sustatzeko baliagarri izango dena.

Ekainaren 7an eta 12an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen sailak, Gipuzkoa Argitu programaren testuinguruan eta Eibarko Udalarekin lankidetzan, hainbat tailer praktiko antolatu ditu, denak doakoak, aurrezpen energetikoa eta ekonomikoa bultzatzeko, energia modu eraginkorrean erabiliz, gure etxeetan, enpresetan eta elkarteetan erosotasuna galdu gabe. Gipuzkoa Argitu programako aurrez aurreko tailerrak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte gaur goizean Eibarko alkate Miguel de los Toyosek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Diputatu den José Antonio Asensiok.

Hala, bihar osteguna, ekainak 7, bi tailer egingo dira eraginkortasun energetikoaren ingurukoak, haietako bat hirugarren adinera zuzendua (10:30ean Untzagako Jubilatuen Etxea), eta beste bat herritar guztiei irekia (18:00etan Portalean). Saio horretan, gainera, "Aurrezteko eta energia modu eraginkorrean erabiltzeko aholku praktikoen gida” banatuko zaie tailerrean parte hartzen dutenei.

Bestalde, ekainaren 12an, tailerra elektrizitatearen kontsumoari eta datuaren interpretazioari buruzkoa izango da, eta sektore komertzialarentzat bakarrik izango da. Tailer hori, 15:00etan, Portaleko KZ gunean izango da.

Tailer horietan Gipuzkoa Argitu programaren web orrian argitaratu diren hiru tutorialak praktikan jarriko dira (www.argitu.eus). Aipatutako tutorialetan, gure kontsumo datuak ezagutzeko jarraitu beharreko pausoak zehazten dira. Hori ezinbestekoa da kontsumoak murrizteko, aplikatzen diguten tarifa egokitzeko, eta egiaztatzeko ea kontratatutako potentzia egokia den.