Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Frankismoaren krimenen aurkako kereila aurkeztu du Eibarko Udalak epaitegian

Frankismoaren krimenen aurkako kereila aurkeztu du Eibarko Udalak epaitegian

Udal ordezkariak eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformaren ordezkariak.

2019/06/14

Azken hilabeteotan jasotako dokumentazioa Eibarko epaitegietan aurkeztu dute, eta Argentinara bidali dute.

Eibarko Udalak kereila kriminala aurkeztu du gaur goizean, frankismoaren krimenen aurka, eta handik gutxira gure hiriko epaitegietan erregistratu da. Halaber, Argentinako epaitegi Federalean irekita duen 4591/10 auzian salaketa jarriko dute.

Eibarko epaitegietan dokumentazioa aurkeztu dute gaur ostirala, ekainak 14, eguerdiko hamabietan, Eibarko Memoria Taldeak 11:30ean deitu duen elkarretaratze baten ostean.

Gure udalerriko talde horretako kideek aurreratu dutenez, ondorengoak dira kereiletan txertatutako eduki batzuk: frankismo garaian desagertutako pertsonen zerrenda; 1945. urtera arte errepresaliatutako pertsonen eta enpresen kopurua; frankismoa bizi eta pairatu zuten pertsonen 50 testigantza baino gehiago; 200 errepresaliatu baino gehiagoren zerrenda frankismoan zehar; 1937ko apirilaren 25eko gertakariak; eta abar luze bat.

Horrela, 2016ko azaroan, PSE-EE, EH Bildu, Eibarko EAJ-PNV eta Irabazi Udal Taldeek osoko bilkuran onartu zuten ahobatezko ebazpenari erantzuna ematen zaio.

Aurrekariak

1936ko uztaileko kolpe militar faxistaren ondorioak pairatu zituzten eibartarren memoria duintzeko asmoz, 2016ko azaroaren 2an Eibarko Udalbatzaren talde politiko guztiek aho batez onartu zuten mozioarekin bat, Alkatetzak prozedura hasi zuen akusazio gisa aurkezteko Argentinako 4591/10 auzian, Argentinako Kereila izenaz ezagunagoa. Alkatetzaren helburua izan zen benetan gertatu zena argitzea eta altxamenduaz geroztik frankismoak udalerrian eragindako krimen guztiak zigortzea.

Eibarko udal-talde guztiek eta Frankismoaren krimenen aurkako kereilaren euskal plataformak onartutako hitzarmenean adierazi bezala, Udalbatzak “akusazio gisa” aurkeztu behar zuen bere burua, “gure udalerriko frankismoaren biktimei buruz Argentinako epaitegietan abiatutako prozeduran”. Era berean, Udalaren egitekoa izan zen “bitartekoak jartzea gure udalerrian jaso zitezkeen frankismoaren biktimen dokumentazio, testigantza eta froga guztiak prozedura penalean sartu ahal izateko”.

Bestalde, Andoaingoa eta Bergarakoa bezalako udalak ere epaitegietara joan dira helburu berarekin.

Erlazionatutako elementuak