Eibarko Udala
dirulaguntzak

Aurten ere tokiko industria-enpresen lehiakortasuna hobetzeko "Erronka teknologikoak" dirulaguntza atera du Udalak

2025/09/10
Eibarko Udala.
Eibarko Udala.

Enpresek irailaren 10etik azaroaren 7ra arteko epea dute eskaerak aurkezteko. Aurten, lehen aldiz sartzen dira industria-enpresak Eibarrera lekualdatzearen ondoriozko gastuak, eta 1.500 eurora arteko igoera ezartzen da BPTD elkarteko enpresentzat.

Eibarko Udalak, hamaikagarren urtez jarraian, herriko industria-enpresei beren erronka teknologiko berrietan laguntzeko dirulaguntza-programaren beste edizio bat jarri du abian.  Laguntza honen helburua da Eibarko enpresen lehiakortasuna hobetzea, proiektu estrategikoen bidez.

Udalak 80.000 euroko partida bat bideratu du programa honetarako; nolanahi ere, baimendutako kreditua agortuz gero, aurrekontu-partida % 20 handitu ahal izango da.

Laguntza honetan interesa duten enpresek lantokiren bat izan behar dute Eibarren, eta deialdian sartutako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren (JEZ) talderen batean ordaindu behar dituzte zergak. Dirulaguntza eskatzeko arrazoia den azterlana edo jarduera ere zehaztutako JEZetako baten barrukoa izan beharko da. 

Aurtengo deialdian diruz lagundu daitezkeen 5 gastu mota zehazten dira, aholkularitzari, berrikuntzarako elementuen erosketari, nazioartekotzearen bultzadari, trantsizio ekologikoaren sustapenari eta ekonomia zirkularrari lotutakoak. Aurten, lehen aldiz, enpresa Eibarrera lekualdatzearen ondoriozko gastuak ere sartzen dira. Kasu bakoitzean diruz lagundu daitekeen ehunekoa (%) ezartzen da, egindako inbertsioaren % 50 eta % 70 bitartekoa.

Horrez gain, dirulaguntzaren oinarrietan eskaera bakoitzeko lagundu daitekeen gehienezko zenbatekoa ere ezartzen da. 12 langiletik beherako enpresen kasuan, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da; 12 eta 25 langile bitarteko enpresetan, 5.500 euro; eta 25 langiletik gorakoetan 5.000 euro. 

EJZren 3. dibisioaren barruan dauden enpresen kasuan, dirulaguntza 1.000 euro handituko da, eta hainbat enpresaren artean baterako proiektuak aurkezten badira, dirulaguntzaren zenbatekoa % 25 handiagoa izango da.

Aurten, estrainekoz, BPTD elkarteko enpresek 1.500 eurora arte handitu ahal izango dute dirulaguntza. 

Dirulaguntza hauek eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea irailaren 10ean hasiko da eta azaroaren 7an amaitukoa da. 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egindako jarduketak finantzatuko dira. Era berean,  dirulaguntzaren enpresa onuradunek 2026ko otsailaren 27aren aurretik justifikatu beharko dute emandako laguntzaren xedea. 

Eskaerak elektronikoki egin beharko dira udal-webgunearen bidez www.eibar.eus, eta horretarako beharrezkoa da ziurtagiri digital bat izatea (B@K-Q, NAN elektronikoa , IZENPE txartela, etab.).