Eibarko Udalak eta Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformak diktadura-aldiko biktimengatik justizia eskatzea adostu dute

2016/11/10

Akordioak hiru atal garrantzitsu biltzen ditu eta bertan zehazten dira Udala akusazio gisa aurkeztuko dela gure udalerriko frankismoaren biktimekiko Argentinako jurisdikzioan irekitako prozeduran, Estatu espainoleko epaitegietan ekimen judizialak irekitzeko aukera izatea, erantzukizun penalak eta legoken beste edozein erantzukizun argitzeko eta Udalak behar diren bitartekoak erraztu ditzala, gure udalerriko frankismoaren biktimen inguruko beharrezko dokumentazioa prozedura penalari eransteko.

Eibarko Udalak Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformarekin hartutako akordioaren aurkezpena hartu du gaur, hilak 10. Prentsaurrekoan izan dira, besteak beste, Miguel de los Toyos Alkatea, Josu Ibargutxi, Plataformaren bozeramailea, eta Eibarko Memoria Taldeko kideak.

2016ko azaroaren 2an egindako Osoko Bilkuran onartu zen erdibideko mozioa, PSE-EE, EH-BILDU, Eibarko EAJ-PNV eta IRABAZI-GANEMOS Udal Taldeek Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformaren ordezkarietako batekin batera aurkeztu zutena, talde horrek aurkeztutako jatorrizko mozioaren inguruan egindakoa. Hala, Eibarko Udala akusazio gisa aurkeztuko da gure udalerriko frankismoaren biktimekiko Argentinako jurisdikzioan irekitako prozeduran. Bestalde, Udalak ahalbidetuko du Estatu espainoleko epaitegietan ekimen judizialak irekitzeko aukera, gure udalerrian diktadura frankistak eragindako gizateriaren kontrako krimenetatik erator daitezkeen erantzukizun penalak eta legoken beste edozein erantzukizun argitu daitezen. Amaitzeko, Udalak behar diren bitartekoak erraztuko ditu gure udalerriko frankismoaren biktimen inguruko dokumentazio, testigantza eta proba oro prozedura penalari erantsi dakion; horrela, frankismoaren zapalkuntza guztien zentsua ahalik eta osatuen egin dadin.

Eibarko Memoria Taldeak Udalaren jarrera zoriontzen du eta eskerrak ematen die bertako alderdi politiko guztiei agertu duten jarerra baikorragatik. "Altxamendu militar-faxistagatik eta sortu zen berrogei urteko diktaduragatik oraindik egin ez den justizia egiteko urrats handia izango da Udalaren erabakia", azpimarratu dute. Zentzu horretan, Josu Ibargutxik adierazi du "Eibarren 100 pertsona baino gehiagok aitortu dute torturatuak, atxilotuak edota kartzelaratuak izan zirela frankismo garaian eta gure herriak, bereziki, gehien sufritu zuenetariko bat izan zen".

Gure herriko taldetik informatu dutenez, "aurrerantzean, Eibarko biktima guztiak izango dute aukera beren testigantzak agertzeko, beraiek osatuaz bonbardaketetan, fusilamenduetan, espetxeratzeetan, erbesteratzeetan, torturetan eta frankismoak eragindako gainontzeko zitalkeri guztietan gertatutakoa. Hurrengo belaunaldientzat egi guztia plazaratzeko aukera ezin hobea dugu".

Eibarko Udalak eta Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformak diktadura-aldiko biktimengatik justizia eskatzea adostu dute

Irudian, Miguel de los Toyos Alkatea, Josu Ibargutxi, Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformaren bozeramailea eta Eibar Memoria Taldeko kideak.