Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eusko Jaurlaritzaren unitate mugikor bat kokatuko da Urkizun airearen kalitatea neurtzeko

Eusko Jaurlaritzaren unitate mugikor bat kokatuko da Urkizun airearen kalitatea neurtzeko

Urkizun kokatu den unitate mugikorra.

2017/10/11

Herrian egingo den ikerketaren bigarren zatia da; Urkizun kokatutako furgoneta lehenago Untzagan egon zen airean dauden osagaiak neurtzen. Eusko Jaurlaritzaren unitate mugikorra Untzagan egon zen bitartean, 2016ko urriaren 25etik abenduaren 15era, airearen kalitatea ona izan zen egunen % 57an eta oso ona gainerako % 31n.

Eibarko Udaleko Ingurumen sailak herrian airearen kalitatea neurtzeko egingo den azterketaren bigarren zatia jarri du abian. Irailaren 19az geroztik, Eusko Jaurlaritzaren unitate mugikorra Urkizuko parkean dago, bainu publikoen ondoan; lehenago, 2016ko urriaren 25etik abenduaren 15era, Untzagan egin zen airean dauden osagaien neurketa (karbono monoxidoa, sufre dioxidoa, ozonoa, nitrogeno oxidoak eta partikula solidoak).

Furgoneta hori, airearen laginak hartzeko tresna, aparatu eta sentsoreekin hornitua, leku horretan egongo da, urriaren amaiera aldera arte.

Behin Urkizuko parkeko neurketak eginda eta azterketa amaituta, Eibarko airearen kalitatea zein kategoriatan sartzen den jakingo da. Geroago, Eusko Jaurlaritzak egindako txostena herritar guztien esku jarriko da, udal webgunearen bidez, www.eibar.eus.

Ingurumen saileko zinegotzi arduradun Joan Iraola jaunaren hitzetan, “Kokapen horiek ez ziren besterik gabe aukeratu; Eusko Jaurlaritzako teknikariek hautatu zituzten herriaren aire-kalitate benetakoaren irudi fidagarria emateko xedez, eta, komeni bada, kalitatea hobetzeko egin daitezkeen ekintzak aztertzeko.

Untzagako unitate mugikorrak jasotako datuen txostena

Eibarko Udalak joan den maiatzean eman zuen argitara Eibarko airearen kalitateari buruzko txostena; bertan, 2016 urte amaieran unitate mugikorrak Untzaga plazan jasotako datuak erabili ziren.

Txosten haren arabera, airearen kalitatea, oro har, ona izan zen egunen % 57an eta oso ona % 31n, azken horiek asteburuetako datuak izanik. Bakarrik egunen % 12an jo zen kalitatea hobegarritzat. Kasu batean ere ez zen txartzat edo oso txartzat jo.

Egunen % 12an airearen kalitatea hobegarritzat jo zenez, behin azken emaitzak ezagutu ondoren, Udalak Eusko Jaurlaritzatik ematen diren gidalerroei erantzungo die, aire hobegarria dugun egunak gutxiago izatea lortu ahal izateko, eta egunen % 100ean eibartarren airea “ona” edo “oso ona” izan dadin.

Eusko Jaurlaritzak egindako txostenaren beste alderdi interesgarri bat zera izan zen: kutsadura ez dela etengabea 24 orduetan zehar; handiagoa da 06:00etatik 09:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, hain zuzen ere, Untzaga inguruan trafiko gehien dagoen tarteetan (lanaldia, eskolak, komertzioen jarduera, etab.).

Lehendik egindako azterketak

Honen aurretik, egin dira antzeko beste azterketa batzuk Eibarren. 2010eko martxoaren eta maiatzaren artean, Txaltxazelaiko parkean unitate mugikor bat egon zen airearen kalitateari buruzko datuak jasotzen. Azterketa hartan, oraingo osagai berberak aztertu ziren eta baita metal astunak ere, eta balioak onartutako neurrien barruan zeuden.

Erlazionatutako elementuak