Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eusko Jaurlaritzak lizitaziora atera du trenak Ardantzatik ospitaleraino igarotzean eragiten duen inpaktu akustikoaren azterlana

Ardantzako tren geltokiaren irudia.

Ardantzako tren geltokiaren irudia.

2021/07/01

Jarduera honekin erantzuna emango zaio trenak eragiten dituen zaratak murrizteko alkateak maiatzean egindako eskaerari. Eskaera hori ez zen berria; izan ere, aurreko Alkatetzatik behin baino gehiagotan eskatu zen arazoa konpontzeko. Euskal Trenbide Sarearen proposamenak planteatzen du azterketa egitea trenbide-trazatuaren kilometro bateko luzeran, gero beharrezkoak diren neurriak hartzeko.

Euskal Trenbide Sareak (ETS), Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari atxikitako erakundeak, lizitaziora atera du Bilbo-Donostia trenak Eibartik igarotzean eragiten duen inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egitea, trenak ateratzen duen zarata ahalik eta gehien murrizteko.

Eusko Jaurlaritzaren erabakia Jon Iraola alkatea ETSrekin bildu eta aste gutxira, iritsi da; bilera hartan, alkateak bere kezka eta inguruko bizilagunena adierazi zuen, Ardantza, udaletxearen atzealdea, San Andres pasealekua eta Egogain arteko zatian trenbideko zaratek sortutako arazoagatik, eta egoera konpontzeko neurriak eskatu zituen.

Udalari bidalitako jakinarazpenaren arabera, Euskal Trenbide Sareak 139.150 euroko (BEZa barne) aurrekontuarekin atera du lizitaziora aipatutako azterlana; zenbatekoa bi urtetan ordainduko da, 102.850 euro 2021eko ekitaldi honetan, eta bestea, aurrekontuaren gainerakoarekin, 2022an.

Azterlanaren xede den zatiak, eta geroago esku hartuko den tokiak, gutxi gorabehera kilometro bateko trenbide-trazatua hartzen du, eta Udalak esku hartzeko proposatzen zuen ibilbidea nabarmen luzatzen du, Ardantzako geltokitik Torrekua kaleraino, Eibarko Ospitale parean.

Azterlanaren esparrua lau gunetan banatuko da. Lehenak 200 metro hartzen ditu: Ardantzako tunelean hasi, eta geltoki erdiestalia zeharkatzen du aire librean dagoen trenbiderako gunera iritsi arte, San Andres pasealekuan. Bigarrenak ehun bat metro hartzen ditu: San Andres pasealekutik estali gabe doan zatia da, Legarreko etxeen ondotik.

Azterlanaren xede den hirugarren guneak berrehunen bat metro hartzen ditu, pasealeku estalitik Legarren hasi eta Torrekuaraino (Egogaineko etxeen ostetik). Eta laugarrena Torrekuatik doa, baita pasealeku estalitik, Eibarko ospitaleraino iritsi arte, gutxi gorabehera 250 metroko trazatu batekin.

Trenbide-kilometro horretako eragin akustikoak zehaztu ondoren, eragin horiek murrizteko egin beharreko jarduketak aztertu, diseinatu eta definituko dira. Lanaren lehen zatian, azterlanaren eremuetan zarata neurtuko da. Neurtu ondoren, inpaktu akustikoaren azterketa egingo da. Eta jarraian zarata murrizteko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

Eusko Jaurlaritzak Udalari erabaki horren berri eman ondoren, Jon Iraola Eibarko alkatea pozik agertu da bere eskaria aintzat hartu dutelako, eta ziurtatu du “trenbideko zaraten arazoaren konponbidea gero eta hurbilago” dagoela eta, era horretan, “auzotarren kexei erantzuten” zaiela, azken urteotan konponbide bat eskatzen ari baitira.

Iraola maiatzaren erdialdean bildu zen Euskal Trenbide Sareko arduradunekin eskaera horiek aurkezteko, eta jada orduan egiaztatu ahal izan zuen “Iñaki Arriolak zuzendutako Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren jarrera ona, eta auzotarren kezkei erantzuteko prestutasuna”. “Orain gestio horren lehen fruituak datoz".