Eibarko Udala

Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestuak eraikiko ditu Barrena kaleko 34 zenbakian dagoen Rafael Lapeyraren eraikin zaharrean

2022/04/04
Barrena kaleko 34 zenbakian dagoen Rafael Lapeyraren eraikin zaharra.
Etxebizitzen promozioak udalerrian dagoen etxebizitza babestuaren eskariari erantzungo dio eta kalea berroneratuko du. Halaber, Electrocicloseko etxabeetako bizilagunek, nahi izanez gero, beren etxebizitzak sustapen honetakoekin trukatu ahal izango dituzte. Azkenik, ekimen honek aukera emango du Barrena kaleko 36 zenbakiko irisgarritasunaren arazoa konpontzeko.

Eibarko Udalak aurrera jarraitzen du Barrena kalea zaharberritzeko helburuarekin.  

Hori lortzeko, Jon Iraola Eibarko alkateak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari eskatu zion duela hilabete batzuk Barrena kaleko 34. zenbakian etxebizitza babestuak eraikitzeko, gaur egun hutsik dagoen Rafael Lapeyra enpresa zaharraren eraikinean, eta duela gutxi jaso du oniritzia.  

Hala, Jaurlaritzak 20 bat etxebizitza eraikiko ditu bertan.

Udala higiezinaren jabeekin ari da negoziatzen eraikina eskuratzea, eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzari emango zaio, etxebizitzen eraikuntza gauzatzeko.

Etxebizitza babestuaren eskaerari erantzun eta Barrena kalea zaharberritzeaz gain, Udalaren eta Etxebizitza Sailaren esku-hartze honen helburua bikoitza da.  

Batetik, Estaziño eta Azitain arteko trenbidea estaltzearen ondorioak direla-eta, eraikitzen diren etxebizitzak Electrocicloseko eraikinaren etxabeetan bizi eta beren etxeak trukatu nahi dituzten bizilagunei eskainiko zaizkie. Horrela, ingurune horretan etxebizitza-proposamen berri bat jartzen da mahai gainean. Udala eta Eusko Jaurlaritza lanean ari dira kontu honen xehetasunetan, eta, behin gauzak zehaztu ondoren, hango bizilagunei igorriko zaizkie.

Bestetik, etxebizitza-sustapen honen eraikuntzak balioko du behin betiko eta behar bezala konpontzeko Barrena kaleko 36 zenbakiko irisgarritasuna.

Jon Iraola alkateak zera esan du: “Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze honek aukera emango digu gaur egun Barrena kaleko 36. zenbakian dagoen irisgarritasun-arazoa behar bezala konpontzeko. Izan ere, atari horretako bizilagunek behin eta berriz gogorarazten digute arazo hori Beheko Tokian urtero egiten ditugun auzo-bileretan; orain arte ez genuen konponbiderik, aldameneko lurzatia hirugarren baten esku baitzegoen eta konponbidea emateko beharrezkoa zen.”

“Hain zuzen ere, joan den igandean, atari horretako pertsona batek bizilagunen egoeraren berri eman zidan. Zorionez, orain esan diezaioket luze gabe konponduko dugula arazoa".

Eusko Jaurlaritzak egingo dituen etxebizitzen sustapenak eraikinaren oraingo profilari eutsiko dio,  ondoko higiezinari ahalik eta eragin gutxiena egiteko.

Ekimen berri hau PSE- EE eta EH- BILDU udal taldeek duela hilabete batzuk hiriaren ekialdeko eremua suspertzeko lortu zuten akordioaren esparruan sartzen da, eta, aurretik iragarritako beste ekimen batzuk ere biltzen ditu, hala nola, Hijos de Gabilondo  enpresa erostea edo Estaziño eta Azitain arteko trenbidearen gaineko pasealekua eraikitzea, Europako funtsen kontura.