Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eusko Jaurlaritzak eta Eibarko Udalak Roberto Pérez Jáuregui, bidegabeko polizia indarkeriaren biktima aitortua, oroitu eta omenduko dute, bere heriotzaren 51. urteurrenean

Roberto Pérez Jáureguiren irudia.

Roberto Pérez Jáureguiren irudia.

2021/12/09

Eusko Jaurlaritzak eta Eibarko Udalak ekitaldia egingo dute, gaur osteguna, abenduak 9, Roberto Pérez Jáuregui, eibartarra, gogoratu eta omentzeko, poliziak hil zuela 51 urte betetzen direnean. Ekitaldia abenduaren 9an izango da, Eibarko Udalaren Osoko Bilkuren aretoan, 18:00etan.

Roberto Pérez Jáuregui 1970eko abenduaren 8an hil zen, Donostiako ospitalean, 21 urte zituela, kaleko jantzitako polizia batek tiro egin ostean. Roberto Burgosko gerra-kontseiluaren aurka protesta egiteko manifestazioan parte hartzen ari zela, tiro egin zioten, Eibarren, 1970eko abenduaren 4an, eta larri zaurituta ospitalera eraman ostean, lau egun beranduago, abenduaren 8an hil zen. Roberto Pérez Jáuregui 1960tik 1978ra bitartean motibazio politikoan errotutako indarkeria egoeran giza eskubideen urraketa jasandako biktima aitortua da, Jaurlaritzaren ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren bitartez.

Pandemiaren ondorioz, ekitaldia Roberto Pérez Jáureguiren heriotzaren 50. urteurrena bete eta urtebetera izango da. Izan ere, ekitaldi hau Eusko Jaurlaritzak Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak omentzeko eta gogoratzeko egiten dituen ekitaldietan kokatzen da, gertakarien 50. urteurrenean.

Aurten egingo den tankera honetako hirugarren ekitaldia da, aurrez Javier Batarrita eta Jose Miguel Andueza oroitu ditu Jaurlaritzak, biak poliziaren bidegabeko indarkeriaren biktimak.