Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eusko Jaurlaritzak 300.000 euroko dirulaguntza bat eman dio Eibarri irisgarritasuna hobetzeko

2019/03/05

259.000 euro erdigunetik Jardiñetara doan igogailuaren kostua ordaintzeko izango dira eta 41.000 euro Eibarko Irisgarritasun Plan berria egiteko. Eibar erreferentea da irisgarritasun arloan: eskailera mekanikoak hogei bat gunetan, berrogeitik gora eskailera-zati, dozena bat igogailu publiko baino gehiago, eta proiektu berriak Amañan eta Jardiñetako goi aldean, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 300.000 euroko dirulaguntza bat eman dio Eibarko Udalari —dirulaguntzen deialdian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa—, herrian irisgarritasun arloko proiektu eta azpiegiturak garatzeko. Kopuru horren zati handi bat, 259.000 euro, Eibarko erdigunearen eta Aldatze-Jardiñetaren artean eraikitzen ari den igogailu publikoa ordaintzeko izango da.

Jardiñetako igogailuak, 720.000 eurotan (BEZa barne) adjudikatu zena, Eusko Jaurlaritzaren diru-injekzio garrantzitsu bat jasoko du; lan hau amaitzen ari da eta, aurreikuspenen arabera, martxo amaiera aldera egongo da martxan, hala irisgarritasun arazo bati erantzuna emanez eta ahalbidetuz Eibarko erdigunea, Julian Etxeberria kalea, Aldatze eta Jardiñeta auzoekin lotzea.

Irisgarritasuna hobetzeko Eusko Jaurlaritzak Eibarri emandako gainerako 41.000 euroei dagokienez, herrian Irisgarritasun Plan berri bat egiteko erabiliko dira, aurreko Plana berrikusiz eta sakonduz, izan ere, aurreko planaren indarraldia amaituta dago. Plan berriak beste esku-hartze batzuk jasoko ditu, hala nola eskailera eta arrapala mekanikoak, eta pertsonen mugimendua eta irisgarritasuna hobetzeko igogailuak eta obrak, bai bide publikoan bai eraikinen barruan eta garraio publikoan ere. Seinaleei dagozkien alderdiak ere kontuan hartuko dira, eta errealitate eta premia berrietara egokitu.

Hala, Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan, “herritarrekin dugun konpromisoari erantzuten jarraitzen dugu herriko auzoetan irisgarritasuna hobetzeko planean aurrera egiteko; horretarako azken urteotan hainbat eskailera eta arrapala mekaniko eraiki ditugu, bai eta igogailu publiko ere. Plan honetan Eibarrek segitzen du aitzindari izaten”.

Izan ere, Eibarrek gaur egun hogei bat lekutan ditu eskailera mekanikoak eta arrapalak, guztira berrogei zati baino gehiago, denak auzoetan nahiz erdigunean banatuta. Gainera, azken urte hauetan, dozena bat igogailu publiko ipini dira martxan. Eta, horrekin batera, oinezkoen zirkulazioa errazteko irisgarritasuna hobetzeko lanak egin dira kale askotan.

Julian Etxeberria eta Jardiñeta artean egiten ari den proiektuaz gain, Udala une hauetan bi proposamen berritan ari da lanean. Amañak aurten bertan beste igogailu berri bat izango du, Tiburtzio Anitua eta Karlos Elgezua kaleak lotuko dituena. Igogailu hori Tibrutzio Anitua kaleko 1 eta 2 zenbakien artean jarriko da. Hortik, igogailuak 20,55 metrotan gora egingo du, Karlos Elgezua kalera iritsi arte, Karlos Elgezua 2 eta 6 zenbakien artean amaituko den pasabide baten bidez.

Eta, bestalde, laster beste eraikuntza-proiektu bati ekingo zaio bi igogailu berri egiteko Jardiñetako behe aldetik goi alderaino. Injelan sinadurak igogailu publiko horien proiektua amaitzen ari da Jardiñeta 29, 31 33 eta 35 zenbakietarako. Gainera, Udala beste proiektu batzuk lantzen ari da, hala nola Bidebarrieta eta Errekatxu lotzea bi igogailu jarrita inguruko garapen urbanisitikoa egiten denean, Ubitxa eta San Cristobal arteko igogailua, Arrate Bide eta Mekolarako irisbideak, eta Torrekua eta Berdintasunaren Pasealekuko igogailua.