Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskal Trenbide Sareak hainbat neurgailu jarriko ditu trenak herritik pasatzean ateratzen duen zarata zehazteko

Ardantzako tren geltokiaren irudia.

Ardantzako tren geltokiaren irudia.

2022/02/25

Gaurtik aurrera, otsailak 25, bost neurgailu jarriko dira Ardantzako geltokitik Torrekuako Ospitalera doan zatian. Jarduketa honek erantzuna ematen dio Alkatetzak erakundeari neurriak hartzeko hainbat aldiz helarazitako eskaerari, eta ahalbidetu egingo du txosten bat egitea, zeinak, hala erabakiz gero, ezarri beharreko neurri zuzentzaileak zehaztuko baititu.

Euskal Trenbide Sarea (ETS) entitate publikoak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari atxikia, zarata eta bibrazioak neurtzeko aparatu batzuk jarriko ditu gaurtik aurrera (otsailak 25) trenbidean, San Juan kalearen amaieraren eta Torrekuako Eibarko Ospitale inguruaren artean.

Neurgailu horiek —haietako lau zaratarako eta bat bibrazioetarako— trenak eremu horretatik igarotzean sortzen dituen bi parametro horien mailak zehaztea dute helburu, datuak jaso eta, ondoren, eragin akustikoari buruzko azterlan bat egiteko; eta behin azterketa hori eginda, hala erabakiz gero, trenbidearen ibilbidetik gertu dauden eraikinetan zaratak eta bibrazioek eragiten dituzten afekzioak murrizteko hartu beharreko neurri zuzentzaileak planteatzea.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “oso berri ona da datozen egunetan neurketa horiek egitea, hortik hartuko baitira aplikatu beharreko neurriak. Urteetan zehar, trenaren zaratak hiritik igarotzean eibartar batzuei eragiten dizkien kalteen inguruko kezka helarazi diogu Euskal Trenbide Sareari, bai eta neurri zuzentzaileak ezartzeko eskaera egin ere. Horregatik, espero dut orain hasiko den prozesu honek hobekuntza bat ekartzea trenbidetik gertuen bizi diren herritarrei”.

Euskal Trenbide Sareak Tecnalia enpresari esleitu dizkio neurgailu horiek jartzeko eta datuak aztertzeko lanak, dagokion lizitazio-prozesuaren ondoren. Neurgailuak honako tokietan jarriko dira: San Juan 1, udaletxea, Egogain 10, Egogain 22 eta Eibarko Ospitalea. Gailuak jarriko diren etxebizitzen jabeei eta eraikin publikoen arduradunei jakinarazi zaie dagoeneko.

Neurgailuak instalatzeko prozesua progresiboa izango da eta ostiral honetan hasi, otsailak 25, eta datorren astelehenean, martxoak 14, amaituko da. Horrela, aparatua instalatzen den unetik aurrera, haietako bakoitza martxan egongo da eta zarataren datuak bilduko ditu lau-bost eguneko epean.

Jarduketa honek Eibarko Alkatetzak Euskal Trenbide Sareari behin eta berriz egindako eskaerari erantzuten dio, trenak inguru horretatik igarotzean eragiten dituen afekzioak murrizteko neurri zuzentzaileak har daitezen. Eskaera horiek, halaber, trenbidearen trazaduratik gertu dauden etxebizitzetako bizilagunek aspaldidanik egindako eskarian dute jatorria.

Azken urte hauetan, eta aurreko Alkatetzatik jada, Udalak aldiro-aldiro helarazi dizkio Euskal Trenbide Sareari herritarren eskaera horiek, eta, bere garaian, jarduketa zehatzak ere planteatu zituen, hala nola trenbidea bustita mantentzeko sistemaren bat ezartzea eta hala zarata gutxitzea, edo zarataren aurkako panelak jartzea etxebizitzetara ematen duen trazaduran.

Arazo honen konponbidea aurreko urteko maiatzean hasi zen forma hartzen, Jon Iraola alkateak ETSri trenaren zarata arintzeko neurriak hartzeko eskatu zionean. Eusko Jaurlaritzaren mendeko entitatearen arduradunek arazoa lehenbailehen konpontzeko konpromisoa hartu zuten,  kaltetutako auzokoen aspaldiko eskakizunari amaiera emateko.

Konpromiso horren ondorioz, urte bereko ekainean, ETSk lizitaziora atera zuen azterlan bat Bilbao-Donostia trenbide-lineak Eibartik igarotzean eragindako inpaktuari buruzkoa.

Erlazionatutako edukiak: