Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskadiko Adinekoen II. Topaketa egingo da Eibarren, urriaren 1ean

Euskadiko Adinekoen II. Topaketa aurkezteko egin den prentsaurrekoaren argazkia.

Euskadiko Adinekoen II. Topaketa aurkezteko egin den prentsaurrekoaren argazkia.

2024/05/09

Iaz Durangon egindako lehen topaketaren arrakasta ikusita, esperientzia Eibarren errepikatzea erabaki du Federazioak. Hiru lurralde historikoetako adineko ehunka pertsona bilduko dira Eibarko Astelena frontoian, elkartegintza eta boluntariotza aldarrikatuko dituen festa handi batean Ekitaldian adineko Euskal Herriko pertsona ezagunek parte hartuko dute, euren bizipenak azalduz.

Urriaren 1ean, Eibar izango da "Euskadiko Adinekoen II. Topaketaren" egoitza. Ekimena Astelena frontoian egingo da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetatik datozen adineko ehunka pertsonak parte hartzea espero da, bai eta Eibarko Udaleko, hiru foru aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ere.

Ekitaldia gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak, Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Felix Elkoroiribe Euskofederpenen presidenteak eta Ricardo Ibarra Euskofederpen Bizkaiaren ordezkariak. Bertan, adineko euskal pertsonaia ezagunak izango dira euren esperientzia eta bizipenak azaltzeko.

Euskofederpenek bigarren edizio honekin lortu nahi dituen helburuen artean honako hauek nabarmentzen dira:
  • Adinekoak talde sozial gisa bizi duten errealitatearen berri ematea
  • Adinekoen kolektiboa talde sozial aktiboa eta ekintzailea dela erakustea
  • Dibertsitatea erakustea eta gizarteari egiten dion ekarpena
  • Parte hartzeko eta aisialdirako guneak aldarrikatzea.
  • Beste gizarte-talde batzuekin harremanetan jartzea, ahal den neurrian belaunaldien arteko harreman positiboak sustatuz.
  • Aldaketa-faktore gisa elkartegintzaren eta boluntariotzaren lana eta boterea sustatzea.

Instituzioen harreraren ondoren, elkarteetako kideek hitza hartuko dute elkartegintzaren boterea eta boluntariotza sustatzeko beharra aldarrikatzeko.

Ekitaldian, gainera, dantzak eta abesbatzen emanaldiak egongo dira. Amaieran, herri-bazkaria egingo da.

Adinekoen kolektiboak EAEko biztanleriaren % 25 baino gehiago biltzen du

65 urtetik gorako pertsonak EAEko biztanleriaren % 25 baino gehiago dira. Horren ondorioz, ezinbestekoa da longebitate berri baten inguruan lan egitea. Adineko pertsonek gero eta presentzia eta garrantzi handiagoa dute gizarteko hainbat esparrutan, eta hori aintzat hartuta, Euskofederpenen Zuzendaritza Batzordeak (Agijupens (Gipuzkoa), Nagusiak (Bizkaia) eta Las Cuatro Torres (Araba) elkarteek osatua) errealitate hori ikusarazteko, bere kolektiboaren ordezkaritza garrantzitsu bat bilduko du Eibarren,  gure Autonomia Erkidegoaren erdigunean; ekitaldiak agintarien laguntza jaso du eta bertan izango dira ordezkariak.

Euskofederpen Federazioaren ibilbidea

Euskofederpen, Euskadiko Adinekoen Federazioa, 1980tik ari da lanean EAEko pentsiodun eta erretiratuen elkarte guztiak koordinatzeko eta ordezkatzeko.

Arabako (Las Cuatro Torres), Bizkaiko (Nagusiak) eta Gipuzkoako (Agijupens) hiru lurralde-elkarteak biltzen ditu eta elkarte horien barruan  hiru lurralde historikoetako 230 gizarte-zentro baino gehiago daude.

Federazioaren helburuak hauexek dira: adinekoen autonomia eta ahalduntzea sustatzea, haien ingurunea hobetzea, eta erakundeekin batera parte hartzea edo kogobernatzea.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako adinekoen egoera, eskubideak eta zerbitzuak hobetzeko ahaleginak egitea.

1990eko abenduaren 14an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak, 45/106 ebazpenaren bidez, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna izendatu zuen urriaren 1a.

Horren aurretik, izan ziren beste ekimen batzuk, hala nola Zahartzeari buruzko Vienako Nazioarteko Ekintza Plana, Zahartzeari buruzko Munduko Batzarrak 1982an onartu eta Nazio Batuen Batzar Nagusiak urte horretan bertan berretsi zuena.

1991n, Batzar Nagusiak adinekoentzako Nazio Batuen printzipioak onartu zituen.

2002an, Zahartzeari buruzko bigarren Mundu Batzarrak Zahartzeari buruzko Madrilgo Nazioarteko Ekintza Plana onartu zuen, XXI. mendeko biztanleriaren zahartzearen aukerei eta erronkei erantzuteko eta adin guztietarako gizartearen garapena sustatzeko.

Hitzordu eta adierazpen horiek guztiak gero eta funtsezkoagoak dira, gure gizarteak dituen erronkak kontuan hartuta. Munduko biztanleriaren osaera izugarri aldatu da azken hamarkadetan. 1950 eta 2010 bitartean, bizi-itxaropena 46 urtetik 68 urtera aldatu zen mundu osoan. 2019. urtean, mundu mailan, 65 urteko edo gehiagoko 703 milioi pertsona zeuden. Datozen hiru hamarkadetan, aurreikusten da adinekoen kopurua oraingoaren halako bi izatea eta 2050. urtean 1.500 milioira iristea.