Etxeko kontsumoa tarifa elektriko berrietara egokitzen ikasteko eta, komunitate energetikoak zer diren eta nola funtzionatzen duten ezagutzeko tailerrak

2022/05/20

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Eibarko Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, bi tailer antolatu ditu ekainaren hasierarako:

  • Ekainaren 1ean, 18:00etan, Portalea - Kultura Etxeko KZgunean etxeko kontsumoa tarifa elektriko berrietara nola egokitu ikasteko eta hortik abiatuz erabaki egokiak hartzeko balio duen tailerra antolatu du. Jakin badakigu kontsumo datuak ezagutzea (zenbat kontsumitu dugun edo noiz izan dugun kontsumo mailarik altuena) ezinbestekoa dela kontsumo hori murrizteko, aplikatzen zaigun tarifa egokitzeko eta kontratatuta dugun potentzia egokia ote den egiaztatzeko. Tarifa elektriko berriekin, honek berebiziko garrantzia du, izan ere, efizienteagoak bagara, kontsumoa murriztuz, eta gure kontsumoak modu egokian banatzen baditugu, aurreztu egingo dugu eta energia berriztagarriak sustatuko ditugu. Tailer honetan herritarrei erakutsiko zaie hori nola egin, zehazki hiru gai hauek landuz: Nola eskuratu norberaren argindar kontsumoaren datuak; nola murriztu eta birbanatu kontsumoa, ondoren tarifarik egokiena aukeratzeko; eta nola egiaztatu kontratatuta daukagun potentzia dela benetan behar duguna.
  • Ekainaren 8an, 18:00etan, Portalea - Kultura Etxean (B batzartokia) Komunitate Energetikoak zer diren eta nola funtzionatzen duten ezagutzeko tailerra antolatu du. Gero eta gehiago dira Komunitate Energetikoak sortzearen aldeko apustua egiten ari diren Gipuzkoako udalerriak, baina herritarrik gabe ez dago Komunitaterik eta ezinbestekoa da hortaz herritarrek argi izatea zer diren komunitate energetikoak eta nola funtzionatzen duten. Tailer honen helburua gaiari buruzko informazio osatua eta zehatza azaltzea da, jada funtzionamenduan dauden mota desberdinetako Komunitate Energetikoen berri emanaz, herritarrek sistema energetikoan izan dezaketen eragin zuzena uler dezaten.

Tailerretan parte hartzeko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Tarifa elektriko berriaren tailerrean parte hartzeko maiatzaren 29a baino lehen izena ematea beharrezkoa da. Komunitate energetikoen tailerrerako, berriz, ekainaren 6a baino lehen izena eman beharko dute interesatuek. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:

  • Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus
  • Honako telefono zenbakira deitzea: 628-532-248 // 605-757-687 (astelehenetik ostiralera. Ordutegia 9:00-18:00)
  • Informazio osagarria: www.argitu.eus

Tailer hauek Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta haien helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. Honakoak dira 2022 urtean zehar Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak martxan jarritako gainerako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak:

  • Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!
  • Energia berriztagarriak zure etxean…posible da!
  • Ibilgailu elektrikoa eta mugikortasun jasangarrirako aukerak.
  • Komunitate Energetikoak: zer dira eta nola funtzionatzen dute (Berria)
  • Energia Argitu kit kanpaina (Berria): kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan auto-diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta, ondorioz, faktura energetikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere.