Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Etxebizitzetan energia berriztagarriak instalatzeko eta zure etxebizitzarako berokuntza-sistemarik egokiena zein den jakiteko tailer praktikoak

2023/11/10

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Energia Argitu programaren barruan eta Eibarko Udalarekin lankidetzan, bi tailer antolatu ditu azarorako:

Azaroaren 15ean, 18:30ean, Portalean (ikastaro-gelan), etxebizitzetan energia berriztagarriak instalatzeko aukerari buruzko informazioa emateko tailerra.

“Energia berriztagarriak zure etxebizitzan…. posible da!" tailerraren helburua da modu argi eta ulergarrian herritarrei energia berriztagarriak instalatzeari buruzko ezagutza eta irizpideak ematea.  Energia berriztagarrietan aldatu egin dira araudiak eta, ondorioz, teknologia hauen instalazioa erraztu egin da bai familia bakarreko etxebizitzetan bai etxebizitza-blokeetan ere.  Saio praktiko batean, aditu batek instalazio horiek gaur egun nola egin daitezkeen argituko du, eta instalazio horiek sortutako energia nola erabili, Gipuzkoako etxebizitzetan dagoeneko martxan dauden instalazioetako kasu praktiko errealen bidez. Gainera, "Autokontsumorako instalazioen gida praktikoa" banatuko zaie tailerrean parte hartzen dutenei.

Hilaren 28an, 18:30ean, Portalean (ikastaro-gela) tailer bat egingo da jakiteko zein den zure etxebizitzarako berokuntza-sistemarik egokiena.

Aldian-aldian berokuntza-sistema mota jakin bat "modan" jartzen bada ere, sistemarik eraginkorrena zein den jakiteko, hainbat alderdi aztertu behar dira: etxebizitza mota, jada jarritako aparatuak edo hodiak, etxebizitzaren erabilera, eta abar.  Helburua da herritarrak gaiari buruzko ideia argi batzuekin ateratzea eta berogailu-sistemei buruzko oinarrizko irizpideak eskuratzea, hala, ez hartzeko erabakirik merkatuko berrikuntzek bultzatuta.

Tailerretan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, parte-hartzaileen kopurua ezagutu eta saio horiek behar bezala egin ahal izateko. Energia berriztagarrien tailerrean parte hartzeko izena emateko epea azaroaren 13ra arte dago zabalik, eta berokuntza-sistemen tailerrean parte hartzeko, azaroaren 23ra arte.

Horretarako, honako bitarteko hauek erabil daitezke:

  • Mezu bat bidaltzea honako helbidera: argitu@gipuzkoa.eus
  • Telefono-zenbaki honetara deitzea: 605-757-687 (astelehenetik ostiralera 9:00etatik 18:00etara)
  • Informazioa osagarria: www.argitu.eus

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 'Energia Argitu' programaren helburua da kontsumo energetikoak murriztea, eraginkortasuna handitzea eta energia berriztagarriak modu errazean sustatzea Gipuzkoako hainbat sektoretan (bizitegiak, dendak, enpresa txikiak). Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak hainbat baliabide jarri ditu lurraldeko agenteen eskura, hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, online tutoretzak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Gipuzkoa programaren webgunea, etab. Hauek dira 2023ko udazkenean antolatutako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak:

  • Nola egokitu etxeko kontsumo elektrikoa tarifa berrietara, erotu gabe
  • Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!
  • Energia berriztagarriak zure etxean…posible da!
  • Komunitate Energetikoak: zer dira eta nola funtzionatzen dute.
  • Energia Argitu Kit kanpaina (kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan auto diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta, ondorioz, faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere). 

Energia Argitu da Gipuzkoako Eraldaketa Energetikoko Bulegoak bultzatuko duen jardueretako bat. Bulego hori Europar Batasuneko Next Generation EB funtsek finantzatzen dute, eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) kudeatzen ditu, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana betez.