Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eskolarteko lehiaketa eta herri-galdeketa egingo dira Errebaleko erabilera anitzeko eraikinaren izena eta irudi korporatiboa finkatzeko

2017/08/01

Izenen proposamenak lehen hezkuntzako ikasleek egingo dituzte eta irudi korporatiboarenak, berriz, Eibarko ikastetxeetako Batxilergo Artistikoko ikasleek. Proiektuak aurkezten direnean, erakusketa bat izango da eta herri-galdeketa egingo da izena eta irudia aukeratzeko.

Eibarko Udalak Errebalen sortuko duen eraikinaren izena eta irudi korporatiboa finkatzeko eskolarteko lehiaketa eta herri-galdeketa egingo ditu. Uztailaren 26an egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zen proposamena, prozesua zuzenduko dituen oinarriekin batera. Lehiaketa lehen hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleei (LH 5. eta 6. maila) zuzenduta dago, baita Batxilergo Artistikoko ikasleei ere (Ignacio Zuloaga Institutua eta Eibarko La Salle Azitain ikastetxea). Lehenengoek izen ezberdinak proposatuko dituzte erabilera anitzeko eraikinarentzat; bigarrenek, berriz, irudi korporatiboko diseinuaren ideiak. Gainera, herri-galdeketa bat egingo da aurkeztutako proiektuen artean bat aukeratzeko.

Lehiaketan parte hartzeko izena ematen duen lehen hezkuntzako ikastetxe bakoitzak izen bat aukeratuko du Errebaleko erabilera anitzeko eraikinarentzat. Batxilergo Artistikoko ikasleek, berriz, irudi korporatiboa egingo dute. Izen-ematearen ostean, Udalak zenbaketa bat egingo du zenbat ikastetxek parte hartuko duten jakiteko eta horietako bakoitza Zuloaga Institutuko edo La Salleko Batxilergo Artistikoko lantalde batean arituko da. Lehen hezkuntzako ikastetxearekin elkarlanean, izenarekin bat datorren irudi korporatiboa sortuko dute Batxilergo Artistikoko ikasleek.

Lehiaketan parte hartzeko interesa duten lehen hezkuntzako zentroek irailaren 11tik 29ra bitartean egin beharko dute izen-ematea; ikastetxe bakoitzeko zuzendariak egin beharko du ondorengo bideetatik: izen-emate elektronikoa (Izenpe txartela edo NAN) www.eibar.eus web orrian edota Pegoran, Herritarren zerbitzurako bulegoan.

Prozesuaren gainontzeko faseak

Prozesuaren ondorengo faseak hauetxek izango dira: Udalak izena ematen duten ikastetxeei eskainiko dizkien bilera informatiboak, Errebal proiektuari buruzkoak; parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak proposatutako izenaren aukeraketa; irudi korporatiboa egitea (oinarrietan jasotako elementu eta ezaugarriak izan beharko ditu) edota irudi korporatiboko proposamenaren aurkezpena.

Jarraian, aurkeztutako proiektu guztiekin erakusketa bat egingo da Udaletxeko sarreran, 2018ko apirilaren 23tik 30era bitartean. Une horretan, behin betiko fasea helduko da eta herri-galdeketa bat egingo da aurkeztutako proiektuen inguruan.

2018ko martxoaren 31n 16 urtetik gora izan eta Eibarren erroldatuta dauden  herritarrek emango ahal izango dute botoa. Parte-hartzea sustatzeko asmoz, zozketa bat egingo da sariekin bozkatzen dutenen artean. Erakusketa bezalaxe, bozketa Pegoran izango da, apirilaren 23tik 30era bitartean.

Lehen hezkuntzako ikastetxe irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du eta Batxilergokoak, 3.000 euro. Gainera, izena ematen duen lehen hezkuntzako ikastetxe bakoitzak 300 euroko saria jasoko du, ikastetxe irabazlea izan ezik.

Udal gobernu-taldeak EH-Bildu Udal taldearekin batera iazko aurrekontuetan adostutako zuzenketa baten ondorioz ipini da martxan lehiaketa.