Eibarko Udala

Eskolako Agenda 2030eko udalbatzarra egin da Eibarren

2023/05/11
Eskolako 2030 Agendaren Osoko Bilkuraren irudia.

Aurtengo ikasturtean “Energia eskuragarria eta ez kutsatzailea” landu dute Eibarko ikasleek, Eskolako Agenda 30 programaren baitan.

Urtero egiten den Eskola Agenda 30eko udalbatzarra egin dute aurten ere Eibarko 8 ikastetxeetako ikasleek (Urkizu eskola, San Andres Ikastetxea, La Salle Isasi, Amaña Herri Eskola, Arrateko Andra Mari ikastetxea, J.A. Mogel Ikastola, La Salle Azitain). Udalak, ikasleen eskaera ta proposamenei erantzun die.

Aurtengo ikasturtean Energia eskuragarria eta ez kutsatzailea gaia landu dute ikasleek Eskolako Agenda 2030 programaren baitan. Egitasmo hau aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du eta ikastetxeek Eibarko Udaleko Ingurumen Sailaren, Ingurugelaren eta Debegesa Garapen Agentziaren laguntza dute.

Urtean zehar trantsizio energetikoa lantzeko hainbat ekintza burutu dituzte ikastetxeetan, besteak beste, energiarekin lotutako irteerak egin dituzte, energiaren inguruko tailerrak bideratu dituzte eta energiaren inguruko eskola zein herri diagnostikoak egin dituzte.

Behin egoeraren diagnostikoa eginda, ikasleek aurkeztu dituzte ateratako ondorioak, baita euren eskaera eta proposamenak ere, hiri jasangarriago bat eraikitze aldera. Halaber, aurten ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte energiaren erabileraren ingurukoak.  

Ikasleek Udalari egindako ekarpenetatik azpimarragarrienak hauek izan dira:

  • Etxebizitza berrietan eguzki plakak ipintzera behartzea eta zaharretan ipintzeko diru-laguntzak eskaintzea
  • Eguzki plakei esker funtzionatzen duen led argiteria eskoletan jartzea
  • Eraikin publikoen barruan argiteriari sentsoreak gehitzea
  • Eibarko toki eta eraikin publikoetako energia kontsumoari buruzko kartel informatiboak ipintzea denon eskura eta ikusgai.
  • Farolak aldatzerakoan auzo guztiak kontutan izatea
  • Eibarko garraio publikoa indartzea
  • Eraikin publikoetan ahalik eta eguzki plaka gehien ipintzea eta energia kontsumoa murrizteko berogailu eta aire girotua balio aproposetan mantentzea
  • Herriko eskailera mekanikoek bertan sortutako energiarekin funtzionatzea eta martxan jartzeko sistema egokiago bat jartzea
  • Eraikin publiko batzuetan iturriak, igogailuak, etengailuak, etab. kartelekin/pegatinekin seinalizatzea, energia alferrik ez galtzeko.

Azken proposamen hau, 2023-2024 ikasturtean zehar ikastetxeek eta udalak elkarlanean aurrera eramango dute.

Eskolako Agenda 2030 Debabarrenean

Udaletxeekin elkarlanean, 20 urte inguru daramatza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 2030 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 30. Egitasmoak hiru helburu ditu:

  • Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
  • Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
  • Partaidetza  eta  ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.

Guztira, 20 ikastetxe ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 2030 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei.

Bideoa