Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eskola-kiroleko eta guraso-elkarteetako kuotak ordaintzeko dirulaguntzak emango zaizkie aurten ere bazterketa-arriskuan dauden familietako adingabeei

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2023/09/18

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak jasotzen dituzten familientzat, edo Elikagaien Bankuaren programan sartuta daudenentzat da dirulaguntza. % 100ean lagunduko da diruz Eskola Kirolean izena ematearen kostua. Bestalde, 140 euro emango dira gehienez guraso-elkarteen kuota ordaintzeko, antolatzen diren jardueretan parte hartzeko beharrezkoa denean.

Afariketan programan eta Jazinto Olabe ludotekan izena emateko dirulaguntzarekin gertatzen den bezala, eskola-kirolean izena emateko eta guraso-elkarteen kuotak ordaintzeko Eibarko Udalak jarraituko du bazterketa-arriskuan dauden familietan adin txikikoentzako laguntzak ordaintzen.

Zehazki, eta betiere eskatutako baldintzak betez gero, eskola-kirolean % 100ean lagunduko da diruz adingabeen matrikula.  Guraso-elkarteen kuotari dagokionez, hark antolatzen dituen jardueretan parte hartzeko ordainketa eskatzen denean emango da dirulaguntza, eta zenbatekoaren % 100era iritsiko da, gehienez 140 euroko laguntzarekin.

Dirulaguntza jaso ahal izango dute 2023ko urtarrilaren 31ko datarekin Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) edota Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren (GGG) edota Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) titular diren edo Elikagaien Bankuaren programan sartuta dauden amek, aitek, tutoreek edo harrera-familiek. Gainera, eskatzailea Eibarren erroldatuta egon behar da 2023ko urtarrilaren 1ean eta bere kargu izan behar du honako baldintzak betetzen dituen adingabe bat: 2 eta 17 urte bitartean edukitzea (2006ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean jaiotako adingabeak), 2023ko urtarrilaren 1ean Eibarren erroldatuta egotea, eta eskola-kirolean matrikulatuta egotea edota udalerriko ikastetxeren bateko guraso-elkarteren batean izena emanda egotea, betiere elkarteak antolatutako jardueretan parte hartzeko kuota ordaintzea eskatzen bada.

Interesdunek 2023ko irailaren 25etik urriaren 20ra bitartean eskatu beharko dute dirulaguntza. Izapidea Pegoran egin daiteke aurrez aurre, edo elektronikoki Udalaren webgunean sartuta www.eibar.eus (izapide elektronikoa egiteko ziurtagiri digital bat eduki behar da, hala nola (B@K-Q, NAN elektronikoa, Izenpe txartela). Pegoran eginez gero, gomendatzen da aldez aurretik hitzordua eskatzea Udalaren web-orrian (https://hitzorduak.eibar.eus/pegora/es) edo 010 eta 943708400 telefono zenbakietan. Pegorako ordutegia irailaren 30era arte astelehenetik ostiralera bitartekoa da, 8:30etik 13:30era.

Eta egun horretatik aurrera, astelehenetik asteazkenera 08:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara; eta ostegun eta ostiraletan 08:30etik 14:30era.

Eskabidea betetzeko, ezinbestekoa da adingabearen tutoretza egiaztatzen duen agiria aurkeztea, izan Familia Liburua, izan tutoretza edo familia-harrera egiaztatzen duen agiria, edo, banantzea edo dibortzioa gertatuz gero, zaintza egiaztatzen duen agiria. Legezko ordezkaritzaren kasuan, legezko ordezkariaren NANa edo agiri baliokide bat aurkeztu beharko da, bai eta ordezkaritzaren agiri bidezko egiaztapena ere. Agiri horiek ez dira beharrezkoak izango ordezkaritza Gipuzkoako Foru Aldundiaren legezko ordezkaritzaren erroldan erregistratuta badago. Gainera, xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo lortu badira, beste erakunde edo organismo batzuei egindako dirulaguntzen zerrenda aurkeztu beharko da, edo, hala badagokio, emandako dirulaguntzen zerrenda, zenbatekoa eta helburua zehaztuta.

Baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, Udalak dirulaguntzaren zenbatekoa ordainduko dio erakunde kudeatzaileari.