Eibarko Udala

Errekatxuko etxe-promozio berrian saneamenduko eta elektrizitateko sareen konexiorako lanek eragina izango dute Bidebarrieta eta San Agustin kaleetako zirkulazioan

2022/07/11
Bidebarrieta kaleko 20. zenbakiaren irudia.
Errekatxu Berri enpresa sustatzaileak egingo ditu obrak eta gaur hasi (uztailak 11) eta abuztuan amaituko dira. Ibilgailuak uneoro zirkulatu ahal izango dira Bidebarrieta kaletik, baina San Agustin zeharbidea itxi egin beharko da une batzuetan.

Errekatxu Berriko etxebizitzen sustapen berriaren obrak egiten ari den enpresak Eibarko Udalari jakinarazi dio eremu horretan hainbat lan egin behar dituela, bere urbanizazio-eremutik kanpo ur beltzen eta elektrizitatearen sareak sare publikora konektatzeko.  

Horrela, Obren Udal Sailak eskaera aztertu eta lanek ingurunean izango dituzten eraginak baloratu ondoren, obrak gaur (uztailak 11) hasiko dira  eta abuztuaren amaierara arte iraungo dute; ibilgailuen eta oinezkoen trafikoari dagokionez, ahalik eta aldaketa gutxien eragiten saiatuko dira. Nolanahi ere, plangintzan aldaketaren bat egitea beharrezko joz gero, behar besteko aurrerapenez jakinaraziko zaie herritarrei.

Zehazki, hauexek izango dira lanak: Bidebarrieta 20 eta 24 zenbakiko eraikinen arteko sustapenetik datorren ur beltzen sarea San Agustin kaleko 5. zenbakiaren parean dagoenarekin lotzea.

Era berean, sustapeneko sare elektrikoa, hura ere Bidebarrieta kaleko 20 eta 24 zenbakien artean dagoena, kale horretan bertan dagoen sarearekin lotuko da eta 14. atariaren pareraino eramango da, aparkalekuen lerroan zanga bat irekiz, Bidebarrieta eta Julian Etxeberria kaleek osatzen duten izkinan dagoen transformazio-zentroarekin lotzeko.

Lanen ordenari dagokionez, lehenik saneamendu-sarearen hartuneari dagozkionak egingo dira, eta, jarduketa hori amaitu ondoren, sare elektrikoa transformazio-zentrora lotuko da; azken horrek bakarrik eragingo dio Bidebarrieta kaleari.

Obra horiek ibilgailuen eta oinezkoen trafikoan izango duten eraginaz jabetuta, eta aldaketak ahalik eta txikienak izan daitezen, enpresa sustatzaileak, Eibarko Udalarekin koordinatuta, bermatuko du ibilgailuen zirkulazioa zabalik egongo dela uneoro, nahiz eta, horretarako, hainbat aparkaleku kendu behar izan, zirkulazioa desbideratzeko. San Agustin kalean zabaldu beharko den zanga nahiko sakona izango da; hortaz, baliteke uneren batean ibilgailuentzako itxi behar izatea.

Oinezkoei dagokienez, kendu egingo da Bidebarrieta kaleko 20 eta 24 zenbakien arteko igarobidea, eta behin-behineko bi pasabide jarriko dira egun dagoenaren bi alboetan. Gainera, obraren ondoan 2 metroko altuerako hesiak jarriko dira oinezkoen segurtasuna bermatzeko.