Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Errebalgo plaza estaliaren ikus-entzunezko ekipamendua hobetzeko lanak hilaren 24an (asteartea) hasiko dira

Errebal Plazia. Artxiboko irudia.

Errebal Plazia. Artxiboko irudia.

2022/05/23

Egun horretatik aurrera, ekainaren 10era arte, Errebalgo esparrurako sarbidea itxita egongo da arratsaldeko 16:30era arte. 156.000 euroko kostuarekin (BEZa barne), lanei esker hobekuntzak egingo dira argiztapenean, soinu eszenikoan eta komunikazioetan.

Datorren asteartean (hilak 24) hasiko dira Errebal funtzio anitzeko eraikinaren eta ekipamendu kulturalaren ikus-entzunezko instalazioen hobekuntza-proiektuko lanak.  Obrak martxoan adjudikatu zitzaizkion Cinetronica SL enpresari 156.090 euroan (BEZa barne) eta egikaritze-epea bi hilabetekoa da.

Maiatzaren 24tik ekainaren 10era bitartean, egingo diren lanen ezaugarriak kontuan hartuta eta obrak 7:00etatik 16:30era egingo direnez, eraikinaren sarbidea itxita egongo da ordutegi horretan.

Errebal funtzio anitzeko espazioa martxan dago hilabete batzuetatik hona, eta egitasmoaren helburua da eraikin berriaren zuzkidurak osatzen joatea. Eta, zehazki, asteartean hasiko diren lanetan eraikinaren plaza estalirako beharrezkoak diren azpiegiturak instalatuko dira, hain zuzen, argiteria eszenikoari, soinu eszenikoari eta komunikazioei dagokienez.

Jon Iraola alkatearen hitzetan: “Sistema hauek jarrita, Eibarko Udalak beharrezkoak diren bitarteko eta teknologiaz hornituko du eraikina, plaza estalian antolatzen diren aisialdiko eta kulturako ekitaldiak kalitate handienarekin egitea bermatzeko, herritarrei esperientzia on bat eskainiz.”

Hala, argiteria eszenikoaren kasuan, egitasmoak aurreikusten du azpiegiturak behar adinako dimentsio eta egitura edukitzea, ekoizpen bakoitzak eskatzen dituen argi-baldintzei erantzuteko.  Jarduerak jasotzen du zirkuituak, eta kontrol- eta erregulazio-gela instalatzea. Horrek guztiak aukera emango du Errebalgo plaza estalian egingo diren jardueren ikus-entzunezko premiei erantzuteko.

Soinu eszenikoari dagokionez, audio-seinaleen banaketa-sareak diseinatu dira, seinale-azpiegitura indartsua, malgua eta moldakorra izan dadin eta zerbitzua eman ahal diezaien hainbat soinu-premia desberdinei. Horretarako, aurreikusi da seinaleen banaketa formatu eta euskarri digitalean egitea, hala, audio-seinaleen kalitate altua bermatuz.

Diseinua seinaleen banaketa guztia digitalizatzean oinarritzen da, baina audio-ekipo klasikoekin txertatzeko aukera mantenduz, izan ekipo horiek bertakoak izan konpainietakoak, alokairuzkoak, eta abar.  Eta komunikazioen kasuan, kable bidezko telebista-sistema bat egongo da, bideoko barne-seinaleak banatzeko adinakoa.  

Bestalde, Errebal Plazia eraikin osoak eta haren instalazioek doako wifi-sistema dutela jada hilabete batzuetatik hona, eta, beraz, bai plaza estaliaren erabiltzaileek bai gainerako instalazioen erabiltzaileek, Interneterako zuzeneko sarbidea dute.