Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Errebaleko jardinguneek zuhaixka gehiago izango dituzte aste honetatik aurrera

 Errebal Plaziako eraikinaren inguruko artxiboko irudia.

Errebal Plaziako eraikinaren inguruko artxiboko irudia.

2023/01/26

Zuhaixkak jardinguneetan jartzen ari dira, eta loreontzi eta jardinera berriak gehituko dira, zeinetan hainbat espezietako zuhaitz txikiak eta arrosa-landareak landatuko diren. Lorategiak berritzeko eta hobetzeko planaren lehenengo fasea iazko ekainean gauzatu zen, eta orain landaketa berriekin osatuko da.

Aste honetan, abian jarri da Errebal Plazia eraikinaren inguruan dauden lorategiak birlandatzeko eta hobetzeko lanen bigarren fasea Horretarako, zuhaixka-espezie berriak landatuko dira, hogeita hamar zuhaitz txiki baino gehiago, eta, bestalde, tamaina handiagoko jardinerak ere jarriko dira. Jarduketen artean, aurreikusten da soropila, drainatzeak, ureztatze-sistemak eta beste instalazio batzuk jartzea, lorategiak behar bezala mantentzea bermatuko dutenak.

Zehazki, tamaina txikiko 32 zuhaixka landatuko dira hiru espezie ezberdinetakoak, 12-20 cm-ko enborrekoak. Hala, aste honetan hasitako lenetan, tamaina txikiagoko zuhaixkak landatzen ari dira, eta, datozen egunotan, gainerakoak jarriko dituzte.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “tamaina txikiko zuhaixkei eta duela hilabete batzuk landatu ziren arrosei esker, Errebaleko lorategien itxura hobea izango da, nabarmen.  Horrela,  lortu egingo dugu inguru guztia kolorez eta landarez betetzeko helburua, eta, Errebaleko kanpoko aldea eremu atseginago eta erakargarriago bihurtuko dugu”.

Era berean, tamaina handiko 3 loreontzi jarriko dira, gaur egun daudenen antzekoak, eta ilara bat sortuko da garajeetarako sarbidearen eta Errebaleko eraikinaren hormaren artean, Merkatu kalearekiko paraleloan, eta puntu bakoitzean hiru loreontziko nukleoak osatuz. Haietako biren altuera metro batekoa izango da eta hirugarrenak 1,4 m-ko altuera izango du. L formako 20 jardinera txiki ere jarriko dira garajeetarako sarbidearen inguruan, non arrosa-landareak jarriko diren.

Alde horretatik, azpimarratu behar da bereziki errespetatu behar direla lorategi horiek, txakurrak sar ez daitezen; izan ere, bigarren jarduketa honetan, soropila birjartzeko lanak egin behar izan dira arrazoi horregatik hondatutako eremuetan, eta, horren ondorioz, Udalak berariaz adierazi du txakurrak debekatuta daudela lorategi horietan.

Errebaleko lorategiak hobetzeko lanak ekainean hasi ziren, kolore ezberdinetako arrosa-landareak landatuta.  Bigarren fase honen kostuari dagokionez, 36.000 euro pasatxo dira, eta lehen fasekoak 40.000 euro inguru.

Errebaleko lorezaintza-plan honen —zeinaren diseinurako eta plangintzarako paisajista bat kontratatu zen—helburua da ingurune osoa kolorez eta landaretzaz hornitzea. Horrela, eraikinaren kanpoaldea eta aisialdirako eremuak gune atseginago eta erakargarriago bihurtuko dira, olgetarako eta aisialdirako Eibarko erreferentziazko tokietako bat bihurtu baita herritarrentzat, bai eta gizarte-, kultura- eta kirol-arloko kolektiboek eta erakundeek jarduerak garatzeko gune ere.