Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Errebal Plazia" proiektuaren erredakzioa adjudikatuta

"Errebal Plazia" proiektuaren erredakzioa adjudikatuta

Errebal.

2018/06/08

Proiektua erredaktatu ondoren, Udalak lizitaziora aterako ditu obrak.

Eibarko Udalak gaur adjudikatu dio 123.750 eurotan (BEZik gabe) Injelan SL enpresari Errebaleko erabilera anitzeko eraikina amaitzeko geratzen diren obren proiektuaren erredakzioa. Akordio hau beste urrats bat gehiago da Dragados enpresarekin kontratua eten ondoren geratuta dauden lanei berriro ekiteko. Enpresak 3 hilabeteko epea dauka obra-proiektuaren erredakzioa amaitzeko.

Hala, proiektua idazteko adjudikazio honekin, beste aurrerapauso bat eman eta atzera ere heldu egiten zaio proiektuari; izan ere, Udalak joan den abenduan Dragados SA enpresarekin zuen kontratua suntsitu zuen, epe partzialak ez betetzeagatik.  Dragadosekin kontratua eteteko erabakia, Euskadiko Batzorde Aholkulari Juridikoak (COJUA) berretsi zuen otsailean, Udalari arrazoia emanda.

Kontratu-desegite horrek proiektuaren zati bat eginda eta bestea egiteke laga zuen. Orain, Udala pauso berriak ematen ari da egiteko dauden lanak adjudikatzeko. Obren proiektua idaztea izan da lehen urratsa. Hurrengoa, Udalak proiektu berria izan ondoren, proiektuko obrak lehiaketara ateratzea izango da. Orain adjudikatu den proiektuko baldintzetara egokitu beharko dira egiteke dauden obren lizitaziora aurkezten diren enpresak.

Dagoeneko ezagutzen dena erabilera anitzeko gunearen izena da: Errebal Plazia. Izen horrek irabazi zuen orain dela gutxi egin zen prozesu parte-hartzailearen lehiaketa. Mogel ikastolak proposatutako izenak irabazi zuen Eibarko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek aurkeztutako sei proposamenen artean, eta eibartar guztiei irekia egon zen botazioaren ondoren. Errebal Plazia irudikatuko duen irudi korporatiboa (logotipoa), aldiz, La Salle Azitaineko Batxilergo Artistikoko ikasleek aurkeztutakoa izango da.