Errebal kaleko urbanizazio-obrak hasi dira

Errebal kalea.

Errebal kalea.

2020/07/20

Arragueta eta Arikitzaren arteko bidegurutzetik Julian Etxeberriaraino, zabaldu egingo dira espaloiak eta galtzadaren mailan geratuko dira; koexistentziako kaleen antzeko tratamendua emango zaie. Era berean, astelehen honetan bertan, Bittor Sarasketa kaleko orube bat aparkaleku bihurtzeko lanak hasiko ditu Udalak, obrek dirauten bitartean kendu behar diren Errebal kaleko aparkalekuak konpentsatzeko.

Eibarko Udalak Errebal kaleko urbanizazio-obrak gaur astelehena, uztailak 20, martxan jarri ditu, Arragueta eta Arikitzaren arteko bidegurutzetik Julian Etxeberriaraino (Aldapatxoko parkearen parean).

Obra honen helburua da lanean jarraitzea Eibarko erdiguneko kaleak trafiko lasaiko gune bihur daitezen, ibilgailuen abiadura murriztuz eta Errebal kaletik igarotzen diren oinezkoen irisgarritasuna hobetuz. Asmoa da eibartarrentzat herri atseginago bat lortzea, eta, aldi berean, merkataritza-jarduera sustatzea.

Egingo diren lanei esker, Errebaleko kaleei koexistentzia-guneen tratamendu bera emango zaie: espaloiak zabaldu eta galtzadaren maila berean jarriko dira; zoladurari dagokionez, oinezkoentzako gainontzeko kaleen estiloa izango dute. Zentzu honetan, Errebal kalean orain dauden zebra-bideez gain, beste bi gehiago jartzea, bata Bidebarrieta kalerako sarbideko eskaileren parean, eta bestea San Agustin kalearen ondoan.

Beste berezitasuna bat da kendu egingo dela autobusen behin behineko geralekua (Bolintxoren aurrean), eta lehengo lekura itzuliko da, alegia, erabilera anitzeko eraikinaren aurrera. BBVAren pareko lurrazpiko edukiontziek bertan jarraituko dute.

Azkenik, eremu horretako aparkaleku-kopuruari ahalik eta gutxien eragitea nahi da.

Horrela, Estaziño ingurua San Agustin zeharbidearekin, Julian Etxeberriaren azken zatiarekin eta Toribio Etxebarriaren hasierarekin lotzea lortuko da, gune guztiei antzeko tratamendua emanez espaloi eta galtzadetan. Gainera, datozen urteei begira, asmoa dago gauza bera egiteko Julian Etxeberria osoan, Bidebarrietako bidegurutzetik abiatuta.

Obrak urte honen hasieran adjudikatu zitzaizkion Otegi y Gaztañaga SL sozietateari, 717.102 euroren truke. Aurreikusitako exekuzio-epea 26 astekoa izango da.

Egingo diren urbanizazio-lanak direla-eta, kendu egin beharko dira aldi baterako Errebal kaleko zenbaki bikoitien aparkalekuak, San Agustin kaleko bidegurutzetik Arragueta kaleraino.

"Errebal kalean dagoen aparkalekuari ahalik eta eragin txikiena izateko moduan planifikatu da obra. Hala ere, une batzuetan hori saihestezina izango da. Nolanahi ere, inguruko bizilagunentzako eta merkataritzarentzako eragozpenak ahalik eta txikienak izaten saiatuko gara ", adierazi du Jon Iraola Eibarko Udaleko Obra saileko zinegotziak.

Aurrekoa oso kontuan hartuta, Eibarko Udalak, astelehen honetan bertan, uztailaren 20an, Bittor Sarasketa kalean dagoen orube bat aparkaleku gisa gaitzeko lanak hasiko ditu, Errebal kaleko aparkalekuak berrurbanizazio-lanak egin bitartean izan ditzakeen eraginak arintzeko.

"Behin aparkaleku berria prestatu ondoren, gutxi gorabehera 25 ibilgailuri emango zaie lekua, hau da, obraren faseetan kenduko ditugunak baino dezente gehiagori", amaitu du Iraolak.

Ibarkurutzeko iturria eraberritzea

Errebal kaleko urbanizazio-obren proiektuan, bestalde, Ibarkurutzeko iturria eta haren ingurunea ere zaharberritu egingo da. Izan ere, eibartarren artean hain preziatua den sinboloa hondatzen joan da urteekin.

Egitura bera eraberritzeaz gain, baita aspaldian gantxilak jartzen ziren saretak ere, sistema berri bat jarriko da “lau kainuek” ura egoki isuri dezaten.