Ermuak, Eibarrek eta Zaldibarrek hitzarmen bat sinatu dute hiru udalerrien arteko bidea berriz martxan jartzeko

Hitzarmena gaur goizean sinatu da Ermuko Izarra Centre eraikinean. Beatriz Gamiz eta Eneritz Azpitarte Ermuko eta Zaldibarko alkateek eta Jon Iraola Eibarko alkateak parte hartu dute.
Gaur goizean, Eibar, Ermua eta Zaldibarko udalek hitzarmen bat sinatu dute, berriz ere Ermua eta Eibar Zaldibarren bitartez lotuko dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako bidearen proiektuari heltzeko. Proiektua orain urte batzuk bultzatutakoa da, baina itxaron egin behar izan da gauzatuta ikusteko, izan ere, hainbat arrazoirengatik geldirik egon da, eta, orain, lortutako erakunde-akordioari esker, berme guztiekin jarriko da martxan berriz ere.
Akordioa gaur sinatu da Ermuko Izarra Centre gunean egin den ekitaldi instituzional batean, zeinean Beatriz Gámiz Ermuko alkateak, Jon Iraola Eibarko alkateak eta Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak hartu duten parte.
Ibilbide berria bide atsegina, segurua eta jasangarria izango da, eta herritarrei oinez edo bizikletaz udalerrien artean ibiltzea ahalbidetuko die modu erosoan, mugikortasun aktiboa bultzatuz, ibilgailu pribatuaren erabilera murriztuz eta ondoko herriekiko konektibitatea hobetuz.
Beatriz Gámiz Ermuko alkateak adierazi du akordio hau sinatzea urrats trinkoa eta beharrezkoa dela proiektu eraldatzaile bat martxan jartzeko, udalerrien arteko lotura fisikoa hobetzeaz gain, lurralde- eta gizarte-kohesioa ere ziurtatzen baitu. “Ermuan beti egin dugu bide honen alde, uste baitugu erakundeen arteko lankidetza tresna ona dela herritarren bizimodua hobetzeko”.
Gainera, zera azpimarratu du: “Bideak pertsona askoren eguneroko joan-etorriak erraztuko ditu, baita bizimodu osasungarria bultzatu eta oinezko eta txirrindularientzako inguru seguruago bat sortu ere. Pertsonei begirako proiektu bat da”.
Hitzarmenak, besteak beste, jasotzen ditu hasierako proiektuaren eguneratze teknikoa, bidearen mantentze-eredua eta inplikatuta dauden hiru udalerrien arteko erantzukizunen banaketa.
Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak akordioaren garrantzia nabarmendu du, 2022ko akordioarekiko zenbait hobekuntza izango ditu-eta: “Zalantzarik gabe, akordioa mesedegarria da bai hiru erakundeentzat bai udalerrietako biztanleentzat. Ibur-Errekak, behingoz, sarrera duin bat izango du, eta herritarrek behar bezalako espaloi bat eta bizikletentzako bidegorri bat izango dituzte, BI-3344 errepidearen ertzean”. Era berean, Azpitartek hiru entitateen arteko lankidetza azpimarratu du, “erakundeen arteko lankidetzak eta akordioak aukera ematen dute aurrera egiteko herritarren bizimodua hobetze aldera”.
Jon Iraola Eibarko alkatea pozik agertu da, eta honela mintzatu da: “Herritarrek denbora luzea daramate horrelako bide bat eskatzen. Pertsona askok adierazi dute ibilbide baten beharra dagoela, eguneroko joan-etorriak kotxerik hartu gabe egin ahal izateko eta errepiderik zeharkatu behar izan gabe, eta gaur esan dezakegu hori lortzetik gertuago gaudela. Elkarrizketa, erakundeen arteko kooperazioa eta, batik bat, aurrera egiteko borondate politikoa nagusitu dira.”
Datozen hilabeteetan koordinatuta lan egiteko konpromisoa erakutsi dute hiru udalek, bide berriko obrak egitea ahalbidetuko duten fase teknikoak eta administratiboak ahalik eta azkarren has daitezen.