Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Erabiltzen ez diren eraikin industrialak botatzeko dirulaguntza lerro bat jarri du martxan Udalak

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2022/09/16

Eraikina eraisteko beharrezkoak diren kostu guztien % 35ekoa izango da dirulaguntza, eta gehienez 40.000 euro emango dira eskaera bakoitzeko. Dirulaguntza jaso ahal izateko baldintzak hauek dira: eraikinek 30 urtetik gorako antzinatasuna izatea, inolako ondare-babesik ez izatea, eta, gutxienez, 5 urtez, osorik edo partez, erabilerarik gabe egotea.

Herrian industria-eraikinak eraisteko dirulaguntzen deialdia jarri du martxan Udalak 150.000 euroko hasierako partida batekin; aurrekontu-kreditu hori handitu ahal izango da, eskaera guztiei erantzuteke agortzen bada. Eraikina eraisteko beharrezkoak diren kostu guztien % 35ekoa izango da dirulaguntza, eta gehienez 40.000 euro emango dira eskaera bakoitzeko.

Dirulaguntzen programa honekin, Udalaren asmoa da "egun erabilerarik eta jarduerarik ez duten eraikin industrialek okupatutako espazioak leheneratzea, horrela hiri-bilbean tokia irabaziz eta higiezin horien abandonu-egoera areagotzea saihestuz", adierazi du Jon Iraola alkateak.

ldo horretatik, alkateak zera gehitu du: “Badakigu eraikinen jabeek ahalegin ekonomiko handia egin behar dutela dagokion eraispena egiteko, eta hori dela eraikinak zutik mantentzeko arrazoi ohikoena. Horregatik, nahi duguna da ahalegin ekonomiko horretan laguntzea.”

Diruz laguntzeko gastutzat hartuko dira honako lanei dagozkienak: eraispen-proiektua idaztea, eraispen-baimenaren ingurumen-tramitaziorako beharrezkoak diren dokumentuak idaztea, obrak egikaritzea eta eraispenaren hondakinak kudeatzea.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, jabekideen erkidegoek eta industria-eraikinaren titular diren pertsona fisiko edo juridikoek zenbait baldintza bete beharko dituzte, besteak beste, Eibarko udalerrian kokatutako eraikinak izatea, eraikinean egindako azken jarduera industriala edo zerbitzukoa izatea, eta eraikin osoa edo haren zati bat erabilerarik gabe egotea, gutxienez 5 urtez.

Bestalde, eraikinek hogeita hamar urtetik gorako antzinatasuna izan beharko dute, ez dute inolako ondare-babesik izango, ezta inolako oztoporik ere  eraikina eraisteko udal-lizentzia lortzeko.  Eraitsi aurretik, hondakinak erretiratu beharko dira eta instalazioetan eta eraikinean dagoen kutsaduraren aurkako saneamendu-lanak, ingurumen-agintaritzak adierazitakoaren arabera.

Egindako obrek aurkeztutako obra-amaierako dokumentazioaren aldeko txostena izan beharko dute udal-teknikarien aldetik, eta ez da dirulaguntzarik ordainduko, baldin eta erabakitzen bada egindako obra ez datorrela bat emandako lizentziarekin eta ezin dela legeztatu.

Gainera, emandako dirulaguntzen itzulketa eta Administrazioak ekintza publikoak sortutako gainbalioetan parte hartuko duela bermatzeko, zenbatekoa itzultzeko betebeharra ezartzen zaie laguntzen onuradunei, baldin eta eraitsitako eraikinak okupatutako orubean industriarako ez den higiezin bat eraikitzeko obra-lizentzia ematen bada, betiere hori azken ordainketa baimendu zuen ebazpenaren ondorengo 10 urteko epean gertatuz gero.

Eskabideak aurkezteko epea irekita dago, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta azaroaren 25era arte egongo da zabalik. Interesdunek eskabideak egin ahal izango dituzte bai presentzialki Pegoran, bai elektronikoki  www.eibar.eus udal-webgunean, bai administrazio publikoetako erregistroetan.

Eskabidearekin batera, deialdian deskribatutako zenbait dokumentu aurkeztu beharko dira, besteak beste, dirulaguntza eskatzeko eredua bera, eskatzaileen NAN, IFZ edo agiri baliokidea, higiezinaren titulartasuna justifikatzen duen erregistro-oharra, eraikinaren egungo egoeraren argazkiak, edo proiektua idaztearen eta obrak gauzatzearen kostuen aurrekontua.

Dirulaguntza hiru zatitan ordainduko da: lehen zatian % 20ko ordainketa bat egingo da, bigarrenean % 15ekoa eta hirugarrenean, gainerakoa. Aldez aurretik, egindako gastuak justifikatu beharko dira, ordainketak formalizatzeko. Eraisteko obrak egiteko epea 2023ko irailaren 30ean amaituko da, eta azken justifikazioa aurkezteko epea 2023ko urriaren 31n.