Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Enpresen ekintzailetza, finkapena eta ondorengotza laguntzeko diru-laguntzak emango ditu Udalak

2016/10/03

Udalak diru-laguntzen beste programa bat ipini du martxan Eibarren, langabezian edo enplegu-hobekuntzarako dauden pertsonek prestakuntza-ekintzak egiteko.

Eibarko Udalak martxan ipini ditu enpresen ekintzailetza, finkapena eta ondorengotza laguntzeko diru-laguntzak eta, horretarako, ekimenaren oinarriak eta deialdia argitaratu ditu. Diru-laguntza ildo horren barruan, hiru laguntza hauek emango dira: lehenengoa, ‘Ekin’ deritzona, enplegua sortzen duten enpresa-ekimen berriei laguntzekoa; bigarrena, ‘Iraun’ izenburupean, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren 3 sailaren barruan egon, enpresa-jarduera bati ekin (2013ko urtarrilaren 1etik aurrera) eta, proiektua sendotzeko, laguntza behar duten enpresei diru-laguntzak ematekoa; hirugarrena, ‘Osteko’ deritzon diru-laguntza, langileek enpresaren ondorengotza hartzekoa. Udalak programa horren lehenengo edizioan aipatutako diru-laguntzetarako 30.000 euroko partida emango du.

‘Ekin’ programarako, diru-laguntza jaso ahal izateko baldintzen artean, eskatzailea pertsona fisikoa bada, Eibarren erroldatuta egon beharko da eta diru-laguntza eskatu aurreko hiru hilabeteetan etenik gabeko langabezia egoeran egon behar da. Diru-laguntzaren eskatzailea sozietate zibil bat bada, sozietatea osatzen duen pertsonetako bat gutxienez Eibarren erroldatuta eta langabezian egon beharko da. Diru-laguntzaren eskatzailea pertsona juridikoa bada, proiektu berriak gutxienez lanpostu zuzen baten sorrera islatu behar du eta 12 hilabetean gutxienez mantendu behar da.

Horrez gain, eta kasu guztietan enpresa-jarduerak helbide soziala eta fiskala Eibarren eduki behar ditu, eskatzaileek eginda eduki beharko dute Bideragarritasun-Plan bat, Debegesako pertsonal teknikoaren ebaluazio positiboa jaso duen plana eta Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergaren hasierako alta 2016ko urtarrilaren 1aren eta 2016ko azaroaren 30aren artean emandakoa izango da.

‘Iraun’ diru-laguntzak jasotzeko, enpresa-jarduerak helbide soziala eta fiskala Eibarren eduki behar ditu, lantokia Eibarren kokatuta egon eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren alta 2013ko urtarrilaren 1etik 2015eko abuztuaren 27aren artean eman izana eduki behar du jarduerak.

‘Osteko’ programaren diru-laguntzak jaso ahal izateko, enpresa-jarduerak helbide soziala eta fiskala Eibarren eduki behar ditu eta enpresako beharginen enpresa-ondorengotza hori 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean egindakoa izango da. Gainera, enpresaren esku-aldaketa egin aurreko sei hilabeteetan enpresaren Gizarte Segurantzan alta emana zuten behargin edo langileek egin behar dute ondorengotza eta partaidetza handiena eduki behar dute enpresaren kapital sozialean.

Diru-laguntzak eskuratzeko eskabideak eta haiei erantsitako dokumentazioa aurkezteko epea 2016ko abenduaren 2an amaituko da. Eskaerak PEGORAn entregatuko dira, Herritarren Zerbitzurako bulegoan. Diru-laguntza lerro bakoitzarentzat haren oinarrietan zehaztuta datorren dokumentazioa aurkeztu behar da. Halaber, diruz lagundu daitezkeen gastuak zehazten dira, eta kasu bakoitzaren arabera aldatu daitezkeenak.

Langabetuen formakuntza

Eibarko Udalak diru-laguntzen beste programa ipini du abian Eibarren langabezian edo enplegu-hobekuntzarako dauden pertsonek prestakuntza-ekintzak egiteko; unibertsitate-mailakoak ez diren prestakuntza-ekintzak (hizkuntza-ikastaroak baztertuta) egiteko diru-laguntzak emateko deialdia da, lan-merkatua beste egoera batean zegoenean ikasketak utzi eta Eibarren erroldatutako langabeei edo orain dutena baino lan edo enplegu hobea nahi duten pertsonei zuzenduta dago, beraien enplegagarritasuna hobetu eta lan-merkatuan sartzeko aukera gehiago edukitzeko. Prestakuntza-ekintza horiek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitakoak behar dute izan.

Udalak 20.000 euro bideratu ditu programa horretara eta ondoko gastu hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen bakarrak: prestakuntza-ekintzaren matrikula kostua; prestakuntza-ekintza Lanbideren prestakuntza-zentroen direktorio barruko prestakuntza-zentro baten egiteko beharrekoak diren materialak eta prestakuntza-zentrorako garraio-gastuak.

Aipatutako diru-laguntzak jasotzeko onuradunek bete beharreko baldintzak honako hauek dira: Eibarren gutxienez 2013ko urtarrilaren 1etik erroldatuta egotea; 2016ko urtarrilaren 1ean 23 urte edo gehiago izatea eta langabezian edo enplegu-hobekuntzarako egoeran egotea. Laguntza hauei begira, enplegu-hobekuntzako egoeratzat honako hauek hartzen dira: Iraupen jakineko kontratuak (urte 1etik beherakoak), denbora partzialeko kontratuak eta hileko soldata garbia —aparteko pagen hainbanaketa barne— 1.200 €tik beherakoa izatea.

Gainera, diru-laguntza jaso ahal izateko prestakuntza-ekintza erabat gainditu beharko da eta prestakuntza-ekintza amaitzerakoan, ikastaroaren ikastorduetako asistentzia gutxienez % 85ekoa izan behar da. Pertsona bakoitzeko eman daitekeen gehieneko diru-laguntza 500 eurotakoa.

Diru-laguntzak eskuratzeko eskaerak aurkezteko epea 2016ko azaroaren 29an amaituko da eta eskaerak Pegoran aurkeztuko dira. Bertan, programaren edo oinarriei buruzko informazio gehiago eskura daiteke.