Enpresek interes handia erakutsi dute Hijos de Gabilondoko eta Bustuinduitarren kaleko obrengatik

Hamaika enpresa aurkeztu dira eraikin historikoaren lizitaziora; obrak aurten hasiko dira eta 8,5 milioi euroko aurrekontua izango dute. Bustinduitarren erreformak hiri-espazioaren irisgarritasuna eta kalitatea hobetuko ditu, auzotarren premia berrietara egokituz.
Aurrera jarraitzen du azken urteotako hirigintza-proiektu garrantzitsuenetako batek. Guztira 11 enpresa aurkeztu dira Hijos de Gabilondo eraikina birgaitzeko lanen lizitaziora; obrak 8,5 milioi euroko aurrekontua du eta 18 hilabeteko egikaritze-epea, 2026ko amaierarako bukatzea aurreikusten baita.
Jon Iraola alkateak oso modu positiboan baloratu du proiektuak sektoreko enpresarien artean sortu duen interesa. “Oso egitasmo garrantzitsua eta interesgarria da enpresentzat. Inbertsio handia ez ezik, aukera era bada ingurunea hobetzeko eta gure ondare arkitektonikoa kontserbatzeko".
"Herriaren ekialdea biziberritzeko lanetan aurrera egiten ari gara. Gure helburua ez da soilik aspaldian erabili gabe zegoen eraikin sinboliko bat birgaitzea, baizik eta jarduera ekonomikoaren motor bihurtzea, tokiko eta inguruko ekintzailetza sustatzea, eta herritarrentzat topaleku eta gozamenerako gune berri bat sortzea".
Planak aurreikusten du 1938ko jatorrizko eraikina mantentzea eta birgaitzea, geroago egin ziren alboetako anpliazioak kenduz. Jarduketa honi esker, espaloiak zabaldu, aisialdirako guneak sortu eta aparkaleku berriak egin ahal izango dira, eta horrek bertakoen bizi-kalitatea hobetuko du. Proiektua duela urte batzuk PSE- EE eta EH- BILDU udal taldeek lortutako akordiotik sortu da.
Bestalde, Bustinduitarren kaleko birgaitze-proiektuaren bigarren faserako, bi enpresa aurkeztu dira.
Proiektu honen xedea da Bustinduitarren kaleko 20 eta 8 zenbakien artean dauden eraikinetarako oinezkoen sarbidea hobetzea, pegoretara sartzeko espaloia handituz eta berrantolatuz. Jarduketak hiri-espazioaren banaketa berri bat aurreikusten du, eraikinen fatxadetan igogailuak jartzeak eragindako aldaketen ondorioz.
Jon Iraola alkateak gogorarazi du jarduketa honek auzoko bizilagunek egindako eskari bati erantzuten diola. “Bustinduitarren kalea berrurbanizatzeko premia bertako bizilagunek adierazi zuten urtero egiten diren auzo-bileretan. Udal gisa, eskari horri erantzuteko konpromisoa hartu genuen, eta proiektu hau herritarrekin eskuratutako konpromiso horren isla da”, adierazi du Iraolak.
Gaur egun, 18, 16, 14, 12, 10 eta 8 zenbakietako pegoretara sartzeko espaloian eskailerak daude, beharrezkoak kalearen tarte horretan dagoen desnibel handia gainditzeko. Horregatik idatzi da berrurbanizazio-proiektu hau —jarduketa-eremua 20 zk.ko pegoratik 8 zk.ko pegoraraino doa—, beharrezkoak diren obrak egin eta oinezkoen irisgarritasuna eta hiri-espazioa berrantolatzeko xedez.
Proposamen berriarekin, espaloia handitu eta bi zatitan banatuko da: erdia arrapala batek osatuko du, irisgarritasuna erraztuko duena; beste erdia, berriz, fatxadetatik hurbilen dagoena, eskailera-mailen eta plano horizontalen bidez egingo da, pegoretako sarreretara eta dagoen desnibelera egokitzeko.