Energiaren kontsumoa murrizte aldera azaroan 'Energia argitu' tailerren bi jardunaldi egingo dira Eibarren

2022/10/26

Hilaren 9an tailer praktiko bat egingo da etxebizitzetan energia berriztagarriak instalatzea jorratuko duena, eta 16an saio bat eskainiko da etxebizitzan energia-autodiagnostikoa egin ahal izateko. Jarduera hauek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak sustatu ditu, Udalarekin elkarlanean, 'Energia Argitu' programaren barruan.

Azaroan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak sustatutako 'Energia Argitu' programaren beste bi jardunaldi egingo dira Eibarren. Ekimenaren helburua da energiaren, eta bereziki elektrizitatearen kontsumoaren murrizketa sustatzea era erraz eta soil batean, etxebizitza, komertzio eta enpresa txikientzako abian jarritako baliabideen bitartez, zaurgarritasun eta pobrezia energetikoa prebenitzeko eta murrizteko xedez.

Egingo diren bi tailerrak Udalaren laguntzarekin antolatu dira, eta azaroaren 9an eta 16an izango dira, Portaleko ikastaro-gelan, 18:30etik aurrera. Lehenak honako gaia izango du ardatz: ‘Energia berriztagarriak zure etxebizitzan… posible da!’, eta bigarrenean etxebizitzetan autodiagnostiko energetiko bat egiteari buruz arituko dira.

Horrela, azaroaren 9ko tailerrari dagokionez, bertaratutakoei, modu argi eta ulergarrian, etxebizitzetan energia berriztagarriak instalatzeko aukeraren inguruko informazioa emango zaie, herritarrek energia berriztagarriak instalatzeari buruzko ezagutza eta irizpideak izan ditzaten. Tailer honetan informazioa emango da energia berriztagarrietan berriki gertatu diren araudi-aldaketei buruz, haiei esker teknologia hauen instalazioa erraztu baita bai familia bakarreko etxebizitzetan bai etxebizitza-blokeetan ere.  

Saioan, aditu batek instalazio horiek gaur egun nola egin daitezkeen argituko du, eta haietatik sortutako energia nola erabil daitekeen aztertuko da, Gipuzkoako etxebizitzetan dagoeneko martxan dauden instalazioetako kasu praktiko errealen bidez.

Tailerrean parte hartu nahi dutenek azaroaren 4a baino lehen eman behar dute izena, edukiera mugatua da-eta; horretarako mezu elektroniko bat idatzi behar dute argitu argitu@gipuzkoa.eus  helbidera edo 605757687 telefonora deitu (astelehenetik ostiralera 9:00etatik 18:00etara). Informazio osagarria www.argitu.eus atarian eskura daiteke.

Bigarren tailerra, azaroaren 16rako programatua, ‘Energia Argitu Kit’ izeneko kanpaina bat da, etxebizitzaren energia-autodiagnostikoa egin ahal izatea duena helburu, hala, etxeko energia-eraginkortasuna hobetu eta faktura elektrikoa murrizteko xedez, konponbideak modu pertsonalizatuan proposatuz. Horrela, etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatu eta ulertu ahal izateko tresnak eman nahi zaizkie herritarrei, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatu ere.

Jarduera azalpen-tailer batekin hasiko da, ‘Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure bizitzan’, Portaleko ikastaro-gelan, 18:30etik aurrera. Etxean energia-autodiagnostikoa nola egin azaltzeaz gain, tailer horretan etxebizitzetan ohikoak diren arazoei zer konponbide eman zehaztuko da.

Tailerra egin eta gero, ‘Energia Argitu Kit’ maletinak banatuko dira bertaratzen diren pertsonen artean. Kit horri esker, etxeetan neurketak egin eta energia-galerak antzeman daitezke (aire-ihesak, berokuntza-erradiadoreen galerak, ur-emariaren kontrola, eta instalazioaren errendimendua eta galerak), eta ondoren neurri errazak hartu % 5etik % 10era bitarteko aurrezkiak eragin ditzaketenak. Maletineko erremintak erabiltzeko ez da ezagutza teknikorik eduki behar.

Etxearen autodiagnostikoa egin ondoren, parte hartu duten pertsonek kita itzuli beharko dute, eta etxebizitzen birgaitze energetikoko espezialistekin lortutako emaitzei buruzko zalantzak kontsultatu ahalko dituzte.

Tailerrean parte hartu nahi dutenek azaroaren 14a baino lehen eman behar dute izena, edukiera mugatua da-eta; horretarako mezu elektroniko bat idatzi behar dute argitu@gipuzkoa.eus helbidera mezu bat idatziz edo 605757687 telefonora deituz (astelehenetik ostiralera 9:00etatik 18:00etara).

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 'Energia Argitu' programaren helburua da kontsumo energetikoak murriztea, eraginkortasuna handitzea eta energia berriztagarriak modu errazean sustatzea lurraldeko hainbat sektoretan (bizitegiak, dendak, enpresa txikiak).