Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Emeek emana' argazki erakusketa hartuko du udaletxeak maiatzaren 10etik 21era

'Emeek emana' argazki erakusketa hartuko du udaletxeak maiatzaren 10etik 21era

'Emeek emana' argazki erakusketako aurkezpenaren irudia.

2017/05/05

Emakumeak erakusketa honen protagonistak dira, beraien argazkiak eta testigantzak. Gerra eta frankismo garaiko kontakizunak emakumeen aurpegiekin, emakumeen ikuspegitik. 1936tik aurrera frankismoaren garaiko testuinguru historikoan, emakumeek izan zuten zeregin aktiboa jasotzen da. Erakusketa udaletxeko patioan egongo da ikusgai herritar ororentzat.

Eibarko udaletxeak "Emeek emana" argazki erakusketaren aurkezpena hartu du gaur ostirala, maiatzak 5. Bertan izan dira Patxi Lejardi, Kulturako eta Euskarako zinegotzia; Julia Monge, Intxortako kidea; Josu Ibargutxi, Goldatu plataformaren bozeramailea eta Conchi Laspiur, emakume errepresaliatu eibartarra, erakusketako protagonistetako bat. Erakusketa datorren asteazkenean, maiatzak 10, irekiko da, 19:00etan, eta udaletxeko patioan kokatuko da hilaren 21era arte. Ostera, lurraldean barrena herriz-herri ibiliko da, eta eskoletara bisita gidatuak ere egingo dira. Erakusketa ondorengo ordutegian bisitatu ahalko da: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara eta 18:30etik 20:30era eta larunbat eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara.

'Emeek emana’ argazki erakusketak bilatzen duen helburu nagusia honako hau da: 1936ko Estatu kolpe, gerra eta ondorengo diktaduraren testuinguruan emakumeen ikuspegia eta izan zuten zeregin aktiboa jaso eta gizarteratzea. Ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Intxorta 1937 Elkarteak bultzatu dutena, eta Mauro Saraviaren argazkiekin, erakusketa ibiltaria izango da eta Euskal Herriko emakumeek XX. mendeko pasarte lazgarrienetan bizi izandakoa Gipuzkoako txoko guztietara hedatuko du, baita Araba eta Bizkaiara ere. Donostian izan zuen bere lehenengo geltokia eta orain gurera iritsiko da. 

Erakusketa andrazkoen argazkiek osatzen dute, bakoitzak bere testigantza ematen duen bideoak eta bakoitzaren ibilbidea jasotzen duen katalogoa.  Bertan azaltzen dira, besteak beste, gudu eremuaren, erbestearen, torturaren, espetxearen, errepresioaren eta bizirik irauteko estrategien inguruko narrazio eta bizipenak eta, baita ere, emakumezkoaren ikuspegitik, betiere, antolatutako egitura sozialerako planteamendu eta aktibismoa.

Gaurko aurkezpenean izandako guztiak azpimaratu dute emakumeek frankismoaren testuinguruan izan zuten garrantzia. Intxorta 1937 elkarteko ordezkariaren hitzetan, garai hartan ez ziren biktimak bakarrik izan, “baizik eta protagonistak”. Zentzu honetan, emakumeak aurreko mendeko hamarkada haietan izan zuen “paper aktiboa” aldarrikatu du.