Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunarekin bat egin du Eibarrek

2016/11/25

Udalak bat egin du Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko adierazpenarekin eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatzen ditu gaur, azaroak 25, Untzaga plazan egingo den elkarretaratzera.

Gaur, azaroak 25, ospatuko den Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunarekin bat egin du Eibarrek. Horretarako, ekimen erreibindikatibo eta dibulgatzaileak antolatu dira, hala nola, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko adierazpenaren aldeko Udalaren atxikimendua eta gaur bertan Untzaga plazan, 20:00etan, egingo den elkarretaratzea indarkeria matxistaren aurka.

Azaroaren 25eko ospakizunaren programazioa azaro osoan zehar garatu da Eibarren. Gainera, honako ekimen hauek antolatu dira: autodefentsa feministaren tailerra, ‘Macho-Maris’ antzezlana edota aurreko ostiralean Portalean ospatu zen ‘Beldur Barik’ Jaialdia.

Azaroaren 25eko egunarekin kointzidituta, gaur ostirala, 17:00etatik 20:00etara, Nalua elkarteak antolatutako kale ekimen bat izango da Untzaga plazan. Jarraian, 19:30ean, Toribio Etxebarria kaleko anbulategitik abiatuta Ibilaldia izango da Untzaga plazaraino. Ekimen horri amaiera emateko, 20:00etan, ‘Indarkeria Matxisten Aurka’ izeneko ohiko kontzentrazioa izango da Untzagan. Udalak herritar guztiak parte hartzera gonbidatzen ditu.

Gainera, Udalak, beste behin, bat egin du Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren Adierazpen Instituzionalarekin; Udal Talde guztiek aho batez onartu dute. Hala, Udalak konpromisoa hartzen du “Europako Hitzarmenean xedatutako neurrien kalitatezko estandarrak eta betearazpen-maila egiaztatzeko emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta horien aurka borrokatzeko”, ‘Istanbuleko Hitzarmena’ delakoarekin.

Hitzarmen horrek bere gain hartzen ditu honako neurri hauek: “emakumeen kontrako indarkeria mota desberdinak identifikatzea eta aurre egiteko dinamikak bultzatzea”, “generoaren ikuspegia eta diskriminazioaren debekua ezartzea, indarkeriaren esparruko printzipio nagusi gisa”, “indarkeriaren aurkako haurren eskubideak berariaz aipatzea, batez ere, neskatilen eskubideak”.

Hitzarmenak, halaber, neurri hauexek aipatzen ditu: “gizarteak emakumeen aurkako indarkeria prebenitzen eta borrokatzen laguntzea sustatzea. Berdintasun politikak sustatuz eta eraso matxisten kontrako protokoloak indartuz edo martxan jarriz eta gizartearen erantzun soziala sustatuz” edo “mugimendu feministarekin eta emakume elkarteekin elkarlana bultzatu”.

'Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna' adierazpen instituzionalaren dokumentua osorik ikusteko SAKATU HEMEN.