Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Udalak, aurten ere

2018/03/08

Horretarako, Udalak martxoaren 8aren inguruko adierazpen instituzionala onartu du. Emakumeen Egunaren inguruko ekitaldiak martxoaren 2an hasi ziren, eta hilaren 28a arte segituko dute. Aurten ere, egitarau zabala antolatu dute Udaleko Berdintasun Arloak, Andretxeak, eta kitto! Euskara Elkarteak eta Arrate Kultur Elkarteak.

Urtero legez, Eibarko Udalak Martxoaren 8aren inguruko adierazpen instituzionala onartu du, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta. Testuinguru horretan, iaz mugimendu feministak emakumeen nazioarteko greba-deialdi bat egitea erabaki zuen, 70 herrialde baino gehiagotan; aurten, 2018an, “Emakumeok planto. Nosotras paramos” lelopean errepikatuko da. Grebaren xedea da emakumeen lanak gure gizartean duen eragina ikusaraztea eta lan hori aintzat har dadila eskatzea.

Udalak onartu duen adierazpenean azaltzen da, besteak beste, “emakumeen lanaren zatirik handiena ez da ikusten eta ez da kontabilizatzen”. Halaber, “lan-merkatuaren barruan eta kanpoan eskainitako orduak kontuan izanez gero, emakumeek gure gizarteko lanaren % 56 egiten dute, baina baita ordainsaririk gabeko lanaren % 74 ere. Gainera, feminizatutako lan asko, batez ere emakumeek egiten dituzten lan asko, enplegu prekarizatukoak dira edo lan-merkatuko ezkutuko ekonomiakoak”.

Onartutako testuan adierazten da, era berean, “egiten dituzten zereginez harantzagoko kontua da; izan ere, emakumeek zaintzan eta etxeko lanetan igarotzen duten denboraren ondorioz, gizonek denbora gehiago dute beren karrera profesionala eta lan-munduko karrera garatzeko, edo aisiako edozein jarduera sozial egiteko, emakumeek jarduera horietan sartzeko zailtasunak izan arren”.

Egoera horretaz ohartuta, Eibarko Udalak honako erabaki hauek hartu ditu: sentsibilizazio eta trebakuntza-programak garatuko dituela, zaintzan eta etxeko lanetan gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko eta erabakitzeko guneak emakumeekin partekatzeko; bere eskumenen alorrean lagunduko duela zaintza babesteko baliabideak eta zerbitzu publikoak garatu eta finkatu daitezen, eta zaintzen arloan erantzunkidetasun sozialerako komunitateko estrategien artikulazioa sustatu dadin; Udaleko politikak genero-ikuspegiarekin garatuko dituela; balioen transmisioa azpimarratuko duela, berdintasunezko gizartea lortzeko kultura-aldaketak susta daitezen.

Eibarko Udalak bat egingo du, gainera, martxoaren 8an herriko elkarte feministek antolatu duten elkarretaratzearekin, Untzaga plazan, 12.30ean. Bestalde, talde horiek antolatu duten kazerolada bat ere izango da, Untzagan, 19:30ean.

Hamar ekitalditik gora Emakumeen Egunaren inguruan

Ohikoa denez, aurten ere, egitarau zabala antolatu dute Udaleko Berdintasun Arloak, Andretxeak, eta kitto! Euskara Elkarteak eta Arrate Kultur Elkarteak. Jarduerak martxoaren 2an hasi ziren, zine-forum saio batekin, “Criadas y Señoras” pelikularekin.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan antolatu duten egitarauaren barruan, martxoaren 8ko greba feministaz gain, bi hitzaldi aurreikusi dira: bata, martxoaren 13an, “Izan direlako gara; emakumeen ekarpenak jasotzeko proiektuak:Wikiemakume@k eta Gure Genealogia Feministak” izenburupean, Portalean, 19:00etan, eta, bigarrena, hilaren 15ean, “Emakumeak eta bizikleta” izenekoa, Armagintzaren Museoan, 19:00etan.

Bestalde, martxoaren 17an, “Eibarko Emakumeak: izan direlako, gara” mintzodromoa izango da Udaletxeko arkupeetan, eta, jarraian, performance bat ere egongo da, Nerea Ariznabarreta eta Maialen Belaustegiren eskutik, 10:30etik 13:30era. Horrez gain, hilabete honetan zehar, mota ezberdineko bi kirol proba egongo dira. Alde batetik, martxoaren 18an, Eibar Hiria Lehen Saria, emakume-txirrindulari lasterketa, Untzagatik, Eibarko Txirrindulari Klubak antolatuta. Martxoaren 25ean, berriz, Astelena pilotalekuak “Emakume Master Cup” torneoaren finala hartuko du, binaka, bigarren urtez jarraian. Hala, Eibarko Udalak emakumeak protagonistak diren kirol ekitaldiak sustatu eta finkatu nahi ditu, esparru horretan ere sexuen arteko berdintasuna lortu ahal izateko.

Martxoaren 20an, “Gaza Amal: Gazako zerrendako emakume ausarteko istoriotxoak” erakusketaren aurkezpena izango da Portalean, 18:30ean, eta, amaitzeko, hilaren 26an, “Emakumeen Istorioak” izeneko bideo-foruma hartuko du Portaleak, 18:30ean.