Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ekonomia Zirkularraren, Iraunkortasunaren eta Ekintzailetza Berdearen I. Foroa antolatu du Udalak

2019/04/10

Foroa ostegun honetan egingo da eta sektoreko instituzio, erakunde eta enpresak bilduko ditu, Ekonomia Zirkularraren potentzialtasunak aztertzeko eta Eibarren nola aplika daitezkeen ikusteko. Ekimena, Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Ekintzailetza sailak antolatu du erakunde hauen laguntzarekin: Debegesa , Advanced Leaderschip Fundazioaren Ekonomia Zirkularraren Goi Bilera, Eusko Jaurlaritza, Palo Alto Fundazioa eta EHU.

Eibarko Udalak aste honetan jarriko du martxan Ekonomia Zirkularraren, Iraunkortasunaren eta Ekintzailetza Berdearen I. Foroa; ekimenaren helburua da gune iraunkor bat sortzea ekonomia zirkularraren arloak gaur egun eskaintzen dituen proposamenak aztertzeko —erreferentziako adibide praktikoak landuko dira Eibarren ezarri ahal izateko—, eta baita Ekonomia Berdearen arloko adituen arteko eztabaida eta konexioa sustatzea ere. Portalean izango da jardunaldia eta Eibar Ekonomia Zirkularrari buruzko Euskadiren erdigune bihurtuko da ostegun honetan, apirilak 11.

Goizeko bederatzietatik ordu biak arte, Portaleko areto nagusira joaten direnek hainbat mahainguru eta hitzaldi entzuteko aukera izango dute, ekonomia zirkularrari buruzko ekimen publiko zein pribatuak gertutik ezagutzeko. Inaugurazio instituzionala, Alberto Albistegui Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzaren zinegotziaren eskutik izango da 9:30ean, eta ondoren Iñaki Arriola Etxebizitza eta Ingurumeneko kontseilariak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Publikoetako foru diputatuak mahainguru batean parte hartuko dute mintzagai honekin: 'Ekonomia Zirkularra: Gakoak eta Aukerak Enpresen Garapena eta Enplegua Sortzeko’.

Esperanza Caro Sevillako Udaleko Ekonomia eta Merkataritzaren Zuzendari Orokorrak gai hau izango du hizpide, "Gobernuen tokian tokiko estrategiak Ekonomia Zirkularra garatzeko’. Jarraian, mahai-inguru bat egongo da honako gai honekin: ‘Adibideak eta gakoak enpresaren arrakasta lortzeko ekonomia zirkularraren esparruan', eta bertan parte hartuko dute Circular Hub Euskadi eta BTM Simbiosis-en ordezkariek, Beatriz Juez Ekonomia Zirkularraren Goi Bileraren Euskadiko enbaxadoreak gidatuta.

Jardunaldia amaitzeko beste mahai-inguru bat egongo da: ‘Proposamenak eta Gakoak gure lurraldean Ekonomia Zirkular eta Ekintzailetza Berdearen estrategiak aplikatzeko'. Hauxek izango dira solasaldian parte hartuko dutenak: Alfredo Bezos, Eibar Clima Lab-en kontsultorea eta sustatzailea; Aitor Urresti, EHUko zuzendariordea, Energia Berriztagarrien Ingenieritzako Graduduna, eta Climaton-en sustatzailea; Aitziber Cortazar, Debegesako Turismo eta Garapen Iraunkorraren arduraduna; eta Maria Teresa Machado, Palo Alto Fundazioaren zuzendaria eta Ekonomia Zirkularraren Goi Bileraren enbaxadorea.   

Foroaren helburu zehatzak hauexek dira: Ekonomia berde eta zirkularraren arloko ekintza-lerro nagusiak (aurrerapena eta ongizatearen eragile) ezagutzea; Eibarrera Ekonomia Berdearekin lotutako enpresak eta startup-ak erakartzea edo bertan eratzea, lurraldean enplegua eta ekoizpen-garapena sortzeko; Ekonomia Berde eta Zirkularraren arloko adituen foro bat sortzea, jarduerak antolatuz enplegua eta ekintzailetzaren esperientzia arrakastatsuak ezagutzera emateko; eta apustua egitea Eibar erreferentzia gune izan dadin ekonomia zirkularraren eta jasangarritasunaren eremuan, foro hau izanik lehen ekintza egokitzat jotzen diren jardueren garapen-estrategia baten barruan.

Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan, "Foro honi esker, Eibar topagune garrantzitsu bat izango da ekonomia berde eta zirkularrean; izan ere ekonomia hori erantzun bat izan daiteke enplegua sortzeko premiari eta garapen ekonomiko eta aurrerapen iraunkor baten beharrari, bai herrian bai eskualdean. Ekimen hau Eibarko Udalak iraunkortasunarekin duen konpromisoaren erakusgarri da, jakitun baita errealitate sozialean dauden premiez. Dudarik gabe, lehen Foro hau bide baten hasieran baino ez da, eta hortik jarraitu beharko dugu.”

Forora nahi duena joan daiteke; muga bakarra lekua izango da. Beraz, enplegua, ekintzailetza eta jasangarritasuna sustatzeko premia dago, ez bakarrik gizarteen eta haien ongizatea garatzeko, baita biztanleria berria landa-eremuetan txertatzeko ere.

Halaber, berrikuntzaren bidez erantzuna eman nahi zaio biztanleriaren hazkundeari, zeren gaur egun iraunkortasuna ez baita jada etorkizuneko apustua, ezpada oraintxe-bertakoa. Horregatik, Ekonomia Zirkularraren eta Enplegu Berdearen aldeko apustua udal gestioko arloetan estrategia ezinbestekoa da egungo erronka eta desafioei erantzuteko.