Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibartarrek 'Mugiment Kirol Txartela' erabili dezakete dagoeneko

'Mugiment Kirol Txartela'.

'Mugiment Kirol Txartela'.

2021/03/10

Ekimenaren bidez Udal Kirol Patronatuko abonatuek proiektuarekin bat egin duten Euskal Herriko edozein udalerriren instalazioak erabili ahalko dituzte. Ia berrogei herrik hartzen dute parte programa honetan. Ekimenak ez du kostu gehigarririk erabiltzaileentzat eta herritarrentzako eskaintza gehitzeaz gain, kirola egitea sustatu eta erraztu egin nahi du.

Eibarko Kirol Patronatuko abonatuek dagoeneko erabil ditzakete, kostu gehigarririk gabe, Mugiment Kirol Txartela ekimenarekin bat egin duten Euskal Herriko berrogei bat herritako kirol-instalazioak. Proiektuak, Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek udalen laguntzarekin bultzatua, kirola erraztea eta sustatzea, eta herritarrei eskaintza handitzea du xede.

Mugiment Kirol Txartela, txartel birtual bat da, telefono mugikorrean aplikazioa (mugiment kiroltxartela) instalatuz lor daitekeena eta eskuragarri dagoena App Storen eta Google Playn.

Aplikazioa telefonoan instalatu ondoren, erabiltzaileak erregistratu beharra dauka eta datu pertsonalak eman: e-mailaren helbidea eta NANa, eta zer udal entitatetan dagoen abonatuta. Behin dagokion entitatean dagoela balioztatu ondoren (Eibarko kasuan, Udalaren Kirol Patronatua), erabiltzaileak jakinarazpen bat jasoko du, eta, hortik aurrera, zerbitzua erabiltzen hasi ahalko da.

Programari atxikitako edozein instalazio erabiltzeko, erabiltzaileak 'txartel digitala' (mugikorrean) erakutsi beharko du, NANarekin batera. Instalazioaren langileak sarbidea erregistratuko du egiaztapen-kodea erabiltzaileen gailuan sartuz, eta sartzen lagako dio.

Parte hartzen duten entitateek ‘aginte-kuadro’ bat izango dute, webgune baten bidez eskuragarri egongo dena. Arduradunek haren bidez kudeatuko dituzte instalazioak, langile arduradunak eta instalazio bakoitzari esleitutako egiaztapen-kodeak.  Gainera, datu estatistikoak eta programaren erabilera-txosten pertsonalizatuak eskuratu ahal izango dituzte aginte-kuadroaren erabiltzaileek.

Alberto Albístegui Kiroletako zinegotziaren hitzetan, “ekimen honen bidez, baliabide publikoen gestioa hobetu nahi da eta herritarrentzako kirol eskaintza gehitu. Eibarko Udalak eta Kirol Patronatuak, eibartarren artean kirola egitea sustatu nahi dute, beste instalazio batzuetara sartzea erraztuz, bai herriko instalazioetan jarduera jakin bat ez egoteagatik, bai beste herri batean egitearen erosotasunagatik.”.

Orain arte, 38 bat udalerri izan dira ekimenarekin bat egin dutenak, besteak beste, Eibar inguruan dauden Ermua, Durango, Soraluze, Markina-Xemein, Arrasate, Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza, Oñati, Berriz edo Elorrio.