Eibarko Udala

Eibarren ere hainbat ekitaldi egingo dira "Emakumeak eta Neskak Zientzian" izeneko Nazioarteko Eguna dela-eta

2021/02/11
Kartela.
Udalak, Astixa taldearen bidez, haurrentzako gynkana bat antolatu du Untzaga plazan ostiralerako edo Armeria Eskolako patioan euria bada. Debegesak, eskualdeko udalekin batera, zientziari eta teknologiari buruzko topaketa birtual batzuk antolatu ditu ostegunerako, zientziari eta teknologiari lotutako emakumeekin.

Eibarrek bat egin du gaur, otsailak 11, ospatze den “Emakumeak eta Neskak Zientzian” izeneko Nazioarteko Egunarekin. Hainbat dibulgazio-ekimen egingo dira zientzia eta teknologiarekiko interesa agerian uzteko eta emakumeek esparru horretan egiten duten lana ikusarazteko eta aitortzeko.

Ostiralean, hilak 12, eta Udalak antolatuta, Astixa taldearen bidez, gymkana bat egingo da Untzaga plazan, zientziarekin eta teknologiarekin lotutako jarduerekin. 8 urtetik gorako umeei (Lehen Hezkuntzako hirugarren kurtsotik gora) zuzenduta dago  jarduera, eta Untzagan egingo da 17:00etatik 19:00etara (euria bada Armeria Eskolako patioan egingo da). Gymkanan zientziarekin lotutako galdera-erantzunak izango dituen antzara-joko bat egingo da, magnetismo-zirkuitu bat, memoria-jokoak, puzzleak eta esperimentuak.

Jarduerak pandemiaren osasun-egoerak ezarritako segurtasun-neurriak beteko ditu: parte-hartzaileak talde txikietan eta maskarekin sartuko dira esparrura, gel hidroalkoholikoa izango dute, eta erabilera bakoitzaren ondoren jardueran erabiltzen diren elementu guztiak desinfektatuko dira.

Debegesa eskualdeko garapen agentziak, bestalde, eta eskualdeko udalekin elkarlanean, topaketa birtualak antolatu ditu hilaren 11rako (osteguna). "Gozatu, ondo pasa eta ikasi zientziarekin" izenburupean, goizeko 10:30etik aurrera, eta eskualdeko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta, topaketa birtual bat egingo da Valeriarekin, zeinak Valpat Steam izeneko Youtubeko kanal bat duen haurrei hezkuntza-, teknologia- eta programazio-robotika irakasteko; eta baita Patriciarekin ere, Telekomunikazioetako ingeniaria, eta hainbat proiektu zientifikoren garatzailea.

Ondoren, hitzaldi birtual bat egingo da Maitane Alonso Massachusettseko Teknologia Institutuko (MIT) ikertzaile eta asmatzaile gaztearekin; Maitanek hainbat sari lortu ditu, horien artean 2019ko Inspirazio Errebelazio Saria, eta elikagaiak kontserbatzeko makina bat asmatu du.

Arratsaldean, 16:00etan, mahai-inguru birtual bat egingo da “Steam emakumeak: zientziarekiko eta teknologiarekiko pasioa” izenburuarekin, beren lana maite duten eskualdeko emakume zientzialari eta teknologoekin. Hauexek izango dira mahai-inguruan parte hartuko dutenak: Amaya Igartua (kimikaria eta Teknikerreko materialen ekimenen koordinatzailea), Ane Rubio (biokimikaria eta biologo molekularra eta masterra UCMko osasun-biologian), Maialen Arrieta (fisikaria, astrofisikan doktore eta Sorbonneko Unibertsitateko gaixotasun neurodegeneratiboen bioinformatikaria, eta Natividad García (ingeniari elektronikoa eta Nabab Consulting-eko fundatzaile eta CEOa).

Parte hartu ahal izateko, izena eman behar da https://bptdmakers.eus webgunearen bidez edo komunikazioa@debegesa.eus helbidera idatziz.

"Emakumeak eta Neskak Zientzian” izeneko Nazioarteko Eguna, otsailaren 11n ospatzen dena, NBEko Batzar Orokorrak onartu zuen emakumeek eta neskek zientzian sarbide eta parte-hartze erabateko eta ekitatiboa lortzeko, eta, baita genero-berdintasuna eta emakumeen eta nesken ahalduntzea lortzeko. UNESCO eta NBE-Emakumeak erakundeek gidatzen dute egun hau, emakumeek eta neskek zientziaren arloan partaidetza handiagoa izatea sustatzen duten gizarte zibileko erakunde eta bazkideekin lankidetzan.