Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarren enpresa-proiektu berriak garatzeko laguntza-programa berria jarri du abian Udalak

Eibarko aireko bista.

Eibarko aireko bista.

2022/10/10

150.000 euroko partida eta 3 dirulaguntza-lerro ditu. Ildoak hauexek dira: hutsik dauden merkataritza-lokalak berreskuratzea, negozio estrategiko eta berritzaile berriak sortzea, eta negozioen transmisioa edota jarraipena sustatzea

Udalak programa berritzaile bat jarri du abian Eibarren enpresa-proiektu berriak garatzen laguntzeko, 3 jarduera-ildo izango dituena: negozio estrategiko eta berritzaile berriak sortzea; negozioen transmisioa edota jarraipena sustatzea; eta hutsik dauden merkataritza-lokalak berreskuratzea interes komertzialeko guneetan. 

Ildo honetan, Jon Iraola alkateak honakoa azpimarratu du “zalantzarik gabe, egungo testuinguru sozioekonomikoa, kasu askotan, oztopo bat izaten ari da enpresa-proiektu berri bat abian jartzeko orduan. Horregatik, diru-laguntza horiekin, duela gutxi proiektu berri bat hasi duten pertsonei laguntzeaz gain, zerbitzuen jarraitutasuna bermatu nahi dugu eta baita beste zerbitzu berri batzuk sor daitezen bultzatu ere, batez ere saltoki gutxien dauden Eibarko lekuetan, eremu horiek biziberritzeko.”.

Programa honek, lehen aldiz egingo dena Eibarren, 150.000 euroko aurrekontua du. Laguntzak eskatzeko epea azaroaren 29ra arte dago zabalik, egun hori barne.

Oro har, eta programan jasotako hiru jardun-lerroetarako, dirulaguntzen eskatzaileek honako baldintzak bete beharko dituzte: enpresa-jarduerak Eibarren izan beharko du egoitza sozial eta fiskala, bai eta lanlekua ere; jarduerak indarrean dagoen araudia bete beharko du lizentzien arloan; eta Debegesak baliozkotutako bideragarritasun-plan bat edo jardueraren memoria-proiektu bat izan beharko du.

Gainera, jarduera 2021eko irailaren 1etik 2022ko urriaren 30era bitartean hasitakoa izan behar da; enpresa gutxienez 12 hilabetez altan egon; eta zerga-betebeharrak egunean izan.

Izaera estrategiko eta berritzaileko negozioei dagokien lerrorako, berariazko baldintza izango da jarduera honako arlotakoa izatea: industria, fabrikazio aurreratua, doitasunezko ingeniaritza, digitalizazioa, findtech, klima-aldaketa eta energia jasangarria, edo kirolari aplikatutako teknologia.

Eta hirugarren lerrorako (hutsik dauden merkataritza-lokalak berreskuratzea), jarduerak honakoak izango dira: txikizkako merkataritza, pertsonei zuzendutako zerbitzuak edo balioa eta kalitatea ekartzen duten ostalaritzako ekimenak.  Hutsik dauden merkataritza-lokaletan ezartzen den eta interesgarritzat jotzen den beste edozein jarduera ere izan daiteke, herriaren merkataritza-suspertzearekin bat badator.

Dirulaguntzen lerro honetan, lokala dagoen kaleak hutsik dauden establezimendu asko izango ditu edota jarduera komertzial baxua. Arrazoi horrengatik, ez dira programan sartuko honako kaleetan dauden lokalak: San Juan, Toribio Etxebarria, Julián Etxeberria, Zuloagatarren, Untzaga Plaza eta Fermín Calbetón.

Beste baldintza bat izango da lokala kalearen arrasean egotea (zero kota), eta jardueraren titularrak hamar langile baino gutxiagori lana ematea. Dirulaguntza honetatik kanpo geratzen dira tabakoa saltzen duten establezimenduak, gasolindegiak, jolas-aretoak, joko- eta apustu-aretoak, farmaziak eta ibilgailuen kontzesionarioak.

Udal programa honen laguntzak jaso ahal izateko,  eskabideak egiteko epea zabalik dago eta 2022ko azaroaren 29an amaituko da. Dirulaguntza-eskabideak elektronikoki egin beharko dira Udalaren web-orriaren bidez (www.eibar.eus), programaren oinarrietan eskatzen den dokumentazioa aurkeztuta.

Dirulaguntzen zenbatekoari dagokionez, kopuruak aldatu egingo dira programaren lerro bakoitzaren arabera. 1. lerrorako (negozio estrategiko eta berritzaile berriak), dirulaguntza 10.000 eurokoa izango da gehienez; 2. lerrorako (negozioen transmisioa edota jarraipena), 8.000 eurokoa; eta 3. lerrorako (hutsik dauden merkataritza-lokalak berreskuratzea), 7.000 eurokoa gehienez.

Hiru lerroetan diruz lagun daitezkeen gastuen artean, hauek daude: lehen urtean hileko alokairuaren % 50, gehienez 350 euro, hilean; lokala erostea (katastroko balioaren % 10, gehienez 6.000 euro); jarduera eskualdatzetik eratorritako gastuak (gehienez 7.000 euro); edo negozioa abian jartzeko beste gastu eta inbertsio batzuk (gehienez 5.000 euro).

Dirulaguntza-eskaera onartzen bada, % 70 ordainduko da laguntza ematen den unean, eta gainerako % 30a diru-laguntza justifikatu ondoren.