Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarren dagoen eskualdeko neguko aterpeak etxerik ez duten ehun pertsona inguru hartu zituen abendutik apirilera bitartean

Karmengo eliza.

Karmengo eliza.

2022/05/12

Karmelitetako gizarte-baliabide honek ohea, afaria/gosaria, garbigela eta ikuztegi-zerbitzua eskaini die. Gehienak 40 eta 60 urte bitarteko gizonezkoak izan dira eta erabiltzaileen erdiak atzerritarrak.

Ehun lagun baino gehiago hartu dira Eibarko Karmeldarren elizako lokaletan abenduan martxan jarri zen eskualdeko neguko aterpean. Debabarreneko Udalek sustatutako ekimen honek etxerik gabeko pertsonei ohea eta afaria/gosaria, eta norbere garbitasunerako eta arropak garbitzeko zerbitzuak ematea du helburu.

Jon Iraola alkateak zera nabarmendu du: “Merezi izan du zerbitzu hau Eibarren izateko egin dugun ahaleginak; izan ere, lehen urte honetako datuek erakusten dute oso baliagarria dela gaua igarotzeko gutxieneko baldintza batzuk betetzen dituen leku bat ez duten  pertsonentzat. Horregatik, baliabide hau partekatzen dugun eskualdeko gainerako udalekin batera lanean jarraituko dugu, urte osoko tenperaturarik hotzenak izaten diren hilabeteetan zerbitzu hau bermatzeko.”

Neguko aterpea joan zen urteko abenduaren 1ean zabaldu zen eta apirilaren 15era arte egon da zabalik. Denbora tarte horretan, 101 pertsona hartu ditu, denak bazterketa larriko egoeran zeudenak. Batez beste, 13 pertsona eguneko, baina eguraldi txarra egin duen egunetan 6 plaza gehiago ere jarri izan dira, egun batzuetan 24 pertsona hartzeraino.

Aterpean egon diren pertsonen profila 40 eta 60 urte bitarteko gizonena da, % 92 gizonezkoak izan baitziren. Jatorriari dagokionez, erabiltzaileen % 51 Espainian jaiotakoak ziren; eta horietatik % 9 Gipuzkoan, % 10 Euskal Autonomia Erkidegoan eta % 32 beste erkidego batzuetan jaiotakoak.  

Gainerako % 49 atzerritarrak ziren, eta % 35 Europako Erkidegotik kanpokoak (Senegal, Aljeria, Maroko, Argentina, Venezuela, Brasil, Nigeria, Bahrain, Kolonbia eta Sahara) eta beste % 14 Europako Erkidegokoak (Errumania, Bulgaria, Italia eta Georgia). Erabiltzaileen % 74 beren udalerrietan daude erroldaturik edo errolda soziala dute, eta % 26 ez da inongo erroldatan agertzen.

Erabiltzaileen nondik norakoari dagokionez, aterpean artatutakoen % 73 kale gorrian bizi zirelako edo beste aterpetxe batzuetatik etorri zirelako iritsi ziren. Gainerakoak infraetxe batean bizi ziren edo eraikin okupatuetan; edo txaboletan, garajeetan edo ganbaretan egiten zuten lo. Pertsona horietako batzuk beste gizarte-baliabide batzuetara bideratu ziren.

Bestalde, plaza arruntak okupatu dituzten pertsonek, hilean, gehienez ere, bost gau igaro ahal zituzten, eta erabiltzaileen % 45 hurrengo hilabeteetan berriro itzuli dira egun-muga bete ondoren; gainerako % 55a, berriz, bost egun horiek bete ondoren joan da. Erabiltzaile gehiago etorri dira neguko hilabeteek aurrera egin ahala, eta batez ere alerta-egunak aktibatu ahala.

Era berean, esan behar da neguko aterpearen aurreneko denboraldi honetan ez dela arazo larririk izan erabiltzaileekin, eta, oro har, egonaldian jarrera egokia izan dutela 

Bestalde, inguruko bizilagunekin ere ondo konpondu dira.

Aterpean emandako zerbitzuaren ezaugarri nagusiak

Neguko aterpea bazterkeria-egoera larrian dauden pertsonei laguntzeko intentsitate txikiko zerbitzua da, eta gaua pasatzeko, mantenurako eta norberaren garbitasunerako oinarrizko prestazioak eskaintzen ditu. Zerbitzuaren ordutegia iluntzeko 8etatik goizeko 10etara bitartekoa da.

Zerbitzuak 14 plaza arrunt, 6 plaza hotz handiko egunetarako eta egonaldi ertaineko 4 plaza ditu. Neguko aterpea ez da ohiko aterpetxea, zabalik dagoen denbora-tarte horretan etxerik ez duten pertsonek aldi baterako erabiltzeko leku bat baizik. Ekimena Debabarreneko Gizarte Zerbitzuen Mapan jasotako azpiegituren eta baliabideen planean sartzen da.

Alde horretatik, aterpea eskualde osoarena da eta Eibar, Elgoibar, Deba, Mutriku, Soraluze eta Mendaroko Udalek sinatutako hitzarmen baten arabera jarri zen abian.

Karmengo Amaren elizaren lokaletan jarri zen aterpea, eta karmelitek doan laga zituzten lokalak, Eibarko Udalarekin hartutako akordioaren arabera; eta instalazioak prestatzeko eta egokitzeko lanen kostuak Udalak hartu zituen bere gain.