Eibarrek segurtasuna indartu eta herritarrengandik hurbilago egon nahi du auzozainak jarriz

Auzozain hauek bizilagunekiko lotura indartu, eta herri barruko arazoak azkarrago konpontzea ahalbidetuko dute.
Eibarko Udalak jarraitzen du segurtasun-eredu hurbilago baten aldeko apustua egiten, eta horren erakusgarri da aurten 4 auzozain gehiago jarriko direla. Herritarrentzat hurbilekoa den figura honek indartu egiten du Tokiko Poliziaren eta bizilagunen arteko zuzeneko harremana, eta komunikazioa errazten du, eta, baita auzo bakoitzaren beharrak ondo ezagutzea ere.
Auzozainek oso zeregin garrantzitsua dute herritarren segurtasunean eta ongizatean, izan ere, eskumen berriak izateaz gain, patruilatzeko modu berria ere badute. Haien lana ez da zaintzara eta delitua prebenitzera mugatzen, herri barruko arazoak garaiz antzemateaz ere arduratzen dira, eta baita kolektibo zaurgarriei arreta emateaz eta elkarbizitza indartzeaz ere. Hiri osoan estaldura eraginkorra bermatzeko, lau auzozainetako bakoitza eremu espezifiko batez arduratuko da: Amaña-Legarre, Urki-Ipurua, Jardiñeta-Ekialdea eta Erdialdea.
Zaintza mota honen funtsezko alderdietako bat da hainbat kolektiborekiko zuzeneko harremana, hala nola, dendariak, ostalariak, heziketa zentroak, gizarte kolektiboak eta auzo bakoitzeko bizilagunak. Zuzeneko lotura horren bidez, eremu bakoitzeko problematika zehatzak ezagutu ahalko dira, eta errazagoa izango da haiei irtenbide azkarrak eta eraginkorrak ematea.
“Horrela, gertuago, hurbilago dagoen herri seguruagoa lortuko dugu”, nabarmendu du Jon Iraola Eibarko alkateak. “Herritarrak babestuta eta zainduta sentitzea nahi dugu, bigilatzeaz gain, aholkua eman, informatu eta eguneroko arazoak konpontzen laguntzen digun zerbitzu bat izanda”.
Agente hauen identifikazioa errazte aldera, auzozainek bereizgarri bat eramango dute, herrian duten erreferentzia-eginkizuna indartuta. Herriko gune estrategikoetan egongo dira, hala nola ikastetxeetan sartzeko eta irteteko orduetan, asteroko merkatuetan edo haur- eta gazte-parkeetan jende asko ibiltzen den orduetan.
Beste unitate batzuekin alderatuta, auzozainek oinez eta motorrez patruilatzen dute, izan ere, horrek aukera ematen die herritarrekin batera jardun eta erantzun azkarragoa emateko edozein gorabeheraren aurrean. Hurbilago egoteak arazoak handitu aurretik antzematea ere ahalbidetzen du, hala bide publikoan antzemandako gabezien berri emateko, nola arrisku-egoerak aurreikusteko. Gainera, auzozainak segurtasuna zaintzeaz gain, herritarren eta Udalaren arteko lotura ere badira. Hainbat bide erabilita, kaleko harreman zuzena, telefono-deiak eta mezu elektronikoak kasu, herritarrek haien kezken berri eman dezakete modu arin eta eraginkorrean.
“Auzozainen lana giltzarria da arau-hausteak prebenitzeko eta arazoei irtenbide azkarra emateko. Herritarrekin etengabeko harremana dutenez gero, gatazkak antzeman eta haiei azkar erantzun diezaiekete”, azpimarratu du alkateak. Haiei esker, bertatik bertara jakin dezakegu auzo bakoitzean zer gertatzen den, eta Udaleko sailekin koordinatu erantzuna.