Eibarrek oinarriak ezarriko ditu enplegua sortzeko, langabeziari buruzko azterlan-diagnostiko bat eginez

Mikel Torres lehendakariordeak Eibarrerako enplegu-politikak definitzeko proiektuaren aurkezpenean hartu du parte.
Eibarko langabezia-tasa Gipuzkoakoaren batezbestekoa baino handiagoa izanik, Eibarko Udalak apustu egiten du, herrian lan-aukera berriak sortzeko ahaleginak indartzearren. Horretarako, gaur goizean, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua, Jon Iraola Eibarko alkatearekin eta Vanesa Hortas Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza zinegotziarekin bildu da, azterlan-diagnostiko baten xehetasunak lantzeko, azterketa hori baliatuko baita etorkizunean egin daitezkeen enplegu-politiketarako.
Azterlanaren helburua da identifikatzea zein diren enplegua sortzea eragozten duten arrazoi estrukturalak, eta, azterketa horretatik abiatuta, herriaren errealitateari eta premiei egokitutako neurri zehatzak ezartzea. Ekimena Lanbideren finantzazioarekin eta lankidetzarekin egingo da.
Jon Iraola alkateak ekimen honen garrantzia azpimarratu du Eibarko etorkizun ekonomiko eta sozialerako. “Azterlan hau ezinbesteko abiapuntua da gure egoera ulertzeko eta horren arabera jokatzeko. Eibarren lan-aukera gehiago egotea nahi dugu, eta ahalegin partekatu hau eibartarrekin dugun konpromisoaren isla da", adierazi du Iraolak.
Torres lehendakariordeak, bere aldetik, zera esan du: “Bai Jaurlaritzak bai Eibarko Udalak uste dugu beharrezkoa dela arazo honi zorroztasunez heltzea, eta, hala, langabezian dauden pertsonen enplegagarritasun handiagoa lortzeko ekintza zehatzak diseinatzea”. Azterlana hau datozen asteetan lizitatuko da eta aurten bertan egongo da prest; bertan hirugarren sektoreko eragile sozialek, enpresek eta hirugarren sektoreko entitateek hartuko dute parte.
Eibarko Udalak, halaber, iragarri du Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saila indartu behar duela, enplegu-teknikari bat kontratatuz. Teknikari honen lana funtsezkoa izango da azterlanetik eratorritako ekintzak martxan jartzeko; guztiak ere herrian kalitatezko enplegua sortzera bideratuak.
“Gure xedea da politika eraginkorrak sustatzea. Teknikari berri honen laguntzarekin eta Eibarko langabeziaren egoeraz lortuko dugun analisi xehearekin, erronkak aukera bihurtzea nahi dugu, eta inor atzean ez geratzea bermatu", adierazi du alkateak.
Neurri hauek enplegua sortzeko Udalaren konpromisoa eta Sailburutzaren laguntza islatzen dute; izan ere, beharrezkoak dira herriari egokitutako politikak ezartzeko.