Eibarko Udala
Juan San Martin Liburutegia

Eibarrek kulturarteko elkarrizketaren aldeko apustua egiten du “Giza Liburutegia” ekimenaren bitartez

2025/05/08
Kartela.

Juan San Martin Liburutegiak eta Eibarko Udaleko Immigrazio eta Kultura-Aniztasuna Unitateak elkartzeko eta hausnartzeko espazio hau proposatzen dute, estereotipoak hautsi eta inklusioa bultzatze aldera.

Juan San Martin Liburutegiak, Eibarko Udaleko Immigrazio eta Kultura-Aniztasuna Unitatearekin batera, “Giza Liburutegia” ekimena antolatu du maiatzerako. Proiektuak esperientzia paregabea eskaintzen du: pertsonak “irakurri”, haien istorioak entzun eta elkarrizketarako espazio bat ireki, gure jendartean oraindik ere bizirik dirauten aurreiritziak gainditzeko.

Ekitaldia maiatzaren 14an egingo da Juan San Martin Liburutegian, 18:30etik 19:30era. Saioan zehar, kultura desberdinetako eibartarrek beren bizipenak partekatuko dituzte ikusleekin, kultura-aniztasunarekiko sentsibilizazio sustatzeko eta sarri ezkutuan geratzen diren errealitateak ikustarazteko.

“Helburua xumea baina boteretsua da: elkar errespetatzea eta ulertzea, beste pertsona batzuk aurrez aurre ezagututa. Haien istorioak entzutea estereotipoei aurre egin eta Eibar kohesionatuago eta irekiago bat eraikitzeko modua da”, adierazi du Jon Iraola alkateak.

Giza Liburutegia formatu berritzaile batean oinarrituta dago, zeinean “liburuak” beren bizitza-esperientzia partekatzeko prest dauden pertsonak baitira, horretarako elkarrizketa lasai eta irekiez baliatuta. Herritarrak beren errealitatea ez den beste batzuetara hurbiltzeko aukera bat da, inguru seguru eta atsegin batean.

Ekintza hau oraintsu —2024ko apirilean, Murtzian— egin diren “Munduan berdintasunean bizitzeko liburutegiak” Jardunaldien barruan kokatzen da. Topaketa horretatik adierazpen bat sortu zen, honako printzipio hauek azpimarratzen dituena:

  • Liburutegiak espazio irekiak eta inklusiboak izan behar dira, elkarrizketa eta errespetua bultzatzen dutenak.
  • Kulturak berebiziko garrantzia du desinformazioari eta gorroto-diskurtsoei aurre egiteko, baita pentsamendu kritikoa sustatzeko ere.
  • Herritarren parte-hartzea eta erakundeen lankidetza funtsezkoak dira, aldaketa sozial iraunkor bat sustatuko bada.
  • Liburutegiak baliabide egokiak dituzten oinarrizko zerbitzu publikotzat hartu behar dira.

Hori horrela, Giza Liburutegia tresna baliotsu gisa aurkezten da aipatutako printzipioak praktikan jartzeko, eta erakusteko bai kultura bai elkarrizketa eraldaketa sozialerako motoreak izan daitezkeela.