Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarrek ibilbide osasuntsuen sarea ipini du abian

2016/11/04

'Eibar Ibilixan' proiektuak seinaleztatutako hiru ibilbide urbano eta periurbano izango ditu. Helburua da jarduera fisikoa sustatzea eguneroko bizitzan. Proiektua garatzeko sortu ziren parte-hartze prozesu bat, mahai teknikoa, gizarte lan-mahai bat eta eremu-ikerketa.

Eibarko Udalak ipini du martxan 'Eibar Ibilixan' proiektua, zirkuitu osasuntsuen sarea. Ekimena gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan Ingurumen Zinegotziak, Jon Iraolak eta Udal Kirol Patronatuko zuzendari den Felipe Zamakolak. 'Eibar Ibilixan' proiektua elkarlanean antolatu dute Ingurumen eta Kirol udal sailek eta, era berean, 'Eibar Martxan' proiektuaren barruan kokatzen da.

Ibilbide osasuntsuen sarea hiru ibilbide urbanok eta periurbanok osatzen dute. Alde batetik, eguneroko bizitzan ariketa fisikoa egitera gonbidatzen dute, sedentarismoari aurre eginez, eta jendea ibiltzera animatzeko, aire zabalaz gozatuz. Bestalde, eta ahal den neurrian, herritarrek naturarekin duten harremana handitzea lortu nahi da; hirugarrenez, kirola publiko guztien artean sustatu nahi da, gimnasio edo kirol zentroetara jo gabe. Jon Iraolak adierazi duenez, "laburbilduz, pertsonen ongizate fisikoa eta mentala hobetu nahi dira".

Ibilbideen proposamena publiko guztiei zuzenduta dago, gazteei zein helduei, zailtasunen arabera graduatutako eskema baten bitartez. Proposamen horrek ibiltarien profil ezberdinen beharrei erantzuteko aukera ematen du adinaren, egoera pertsonalaren edota egoera fisikoaren arabera.

'Eibar Ibilixan' proiektua aurrera eramateko ipini ziren abian parte-hartze prozesu bat, lan-mahai tekniko bat, eta gizarte arloko eta landa-laneko bana. Mahai teknikoan alor ezberdinetako eragileek hartu dute parte, hala nola, ingurumen teknikariak, kiroletakoak, osasun publikokoak eta Hirigintza eta Obrak, Gizartekintza eta Udaltzaingo sailetako udal teknikariak, baita Debegesakoak ere. Gizarte lan-mahaian, berriz, elkarte ezberdinetako ordezkariak izan dira, Biztu, Ciudades Amigables, Ikasten, Esperientzia Eskola, Andretxea, Klub Deportiboa, Afagi eta jubilatuen egoitzetakoak, esaterako. Landa-laneko mahaiak ingurunearen azterketa egin du, marraztu daitezkeen ibilbideak zehaztu ahal izateko, orografia, toki publikoen sarea eta ekipamenduak, mugikortasun sarea edota mugak aztertuz.

Hiru ibilbide zirkular

Landa-lanak amaitzeko, parte-hartze prozesuaren bitartez sortutako azken proposamenak mailaz mailako zailtasuna duten hiru ibilbide zirkular biltzen ditu. Lehenengo zirkuitua 'erraza' da, San Juan-Amaña-San Juan ibilbidea egiten du, 3.700 metroko luzerarekin, eta kolore urdinez markatuta ageri da euskarri guztietan. Zirkuitu 'ertaina' deritzona, berriz, San Juan-Azitain-San Juan ibilbidekoa, horiz markatuta dago euskarrietan eta 3.600 metroko luzera du. Zirkuitu 'zaila' (San Juan-Urki-Txonta-San Juan), kolore gorriz markatuta dago eta 4 kilometroko luzera dauka. Kasu guztietan, ordubeteko ibilaldiak dira, gutxi gorabehera. Hiru ibilaldien irteera eta helmuga Eibarko San Juan kaleko Anbulategian izango dira. Bertan, panel handi bat ipini dute eta ibilbide bakoitza dagokion kolorearekin markatuta dago, ibiltariek trazadura nolakoa den ikusteko. Gainera, ibiltariak hobeto gidatzeko seinale informatiboak ipini dira ibilbide bakoitzean norberak nahi duena jarraitzeko.

Gainera, Kirol sailaren bitartez, gaur egun zehaztuta ez dauden dinamizazio-ekintzak egingo dira aurki.

'Eibar Ibilixan' proiektua Projecta enpresak eraman du aurrera, 15.000 euroko aurrekontuarekin. Era berean, Eibarko Udalaren Ingurumen Arlotik, proiektua gauzatzeko Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko kolaborazioa eta diru-laguntzak eskatu dira. Orain arte aipatutako Sarearen sorrera PSE-EEren eta EH-Bilduren artean adostutako aurrekontu-akordioan kokatzen da, talde abertzaleak 2015eko aurrekontuetara aurkeztutako zuzenketa baten ondorioz.