Eibarko Udala
hondakinak Eibar kanpaina

Eibarrek Hondakinen Prebentzioaren Europar Astearekin bat egingo du oraingoan ere

2018/11/16
“Konprometitu gaitezen Eibarrekin” lelopean, kanpaina azaroaren 17tik 25era bitartean izango da.

Aurten ere eta “Konprometitu gaitezen Eibarrekin” lelopean, Eibarko Udalak bat egingo du Hondakinen Prebentzioaren Europar Astea ekimenarekin. Azaroaren 17tik 25era bitartean, Udalak hainbat ekimen bultzatuko ditu herritarrak sentsibilizatzeko produktuak berrerabili, hondakin gutxiago sortu eta behar bezala kudeatzeari buruz. 

Eibarren, birziklatzearen eboluzioa oso positiboa izan da azken urteotan: 2007an % 18,2ko tasa bat egon zen eta 2018ko irailean % 55 ingurukoa; eibartarrek arlo honetan sentsibilizazio handia dutela erakusten du horrek. Dena den, hobetzeko aukera handia dago oraindik. Horregatik, Udalak lanean jarraitzeko beharra ikusten du, batez ere, etxean sortzen ditugun hondakinak behar bezala kudeatzerakoan. Eta, horretarako, funtsezkoa da herritarrek beharrezkoa den informazio guztia izatea.

Hala, azaroaren 21ean eta 23an, eta “Konprometitu gaitezen Eibarrekin” iazko lelopean, Udaleko Ingurumen sailak informaziogune bat jarriko du Untzagan, harmailen aldean; han informazioa emango da Eibarko birziklatzearen egoeraz eta oro har hondakinak ondo bereiztearen garrantziaz, bereziki materia organikoa.

Gure etxeetan sortzen dugun zaborraren % 40 materia organikoz osatua dago, batez ere, janari-hondakinez. Horregatik, ezinbestekoa da jakitea zerekin bete ditzakegun Debabarrenako Mankomunitateak doan banatzen dituen poltsa bereziak (konpostagarriak), eta baita edukiontzi marroian laga behar dugula jakitea ere. Azken hilabeteotan, edukiontzi marroietan organikoak ez diren hondakin ugari utzi dira, alegia, edukiontzi horri ez dagozkion hondakinak.  

Bestalde, etxean erabilitako olioaren birziklapena ere protagonista izango da sentsibilizazio-kanpaina honetan. Horretarako azaldu egingo da nola birziklatu olio hori eta herritarrek gai horretan dituzten zalantzak argituko dira.

Kanpainan antolatutako ekimenen beste helburuetako bat da sortzen ditugun hondakinen kopurua murriztea. Horretarako, funtsezkoa da gure kontsumo-ohiturak aldatzea eta ekonomia zirkular bat sustatzea.

Azken 5 urteotan, eibartarrok gero eta zabor gehiago joan gara sortzen: 2013an biztanleko eta urteko 334 kilo, eta 2017an 415 kilo. Eta, birziklatze-portzentajea ere igo den arren, ez da nahikoa izango ez baditugu hondakinak murrizten.   

Informaziogunea zabalik egongo da 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 18:30era goian adierazitako egunetan; leku bat izango du jendearen zalantzak argitzeko, eta hainbat informazio-panel eta material egongo dira, birziklatzea eta gure kontsumo-ohiturak aldatzea eta ekonomia zirkularra sustatzeko. Gainera, nahi duenak ekarpenak egin ahalko ditu inkesta bat betez.

DBH 1.eko ikasleak arduratuko dira herritarrak kanpainaren helburuez sentsibilizatzeko

Kanpainaren aurtengo berritasun nagusia da Eskola Agenda 21 proiektuan parte hartzen duten bigarren hezkuntzako bi ikastetxek (La Salle Azitain eta IES Eibar - Isasi) erabaki dutela modu aktibo eta zuzenean parte hartzea Hondakinen Prebentzioaren Europar Aste honetan. Hala, eta tailer espezifiko baten partaide gisa, DBH 1.eko 11 ikasle-talde kalera irtengo dira eta eragile garrantzitsuak izango dira eibartarrei gaiaren inguruko informazioa jakinarazteko.

“Itsasotik Mahaira#PlastikoAlPilPil”, Gipuzkoako Foru Aldundiaren sentsibilizazio-ekimena

Aste horretan azpimarratu nahi den beste arazo bat plastikoen pilaketa da. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartuko du Eibarren egingo den Hondakinen Prebentzioaren Europar Astean, “Itsasotik Mahaira #PlastikoAlPilPilekimenarekin.

Horretarako, azaroaren 17an eta 25ean, Untzagan, harmailen inguruan, 3 x 1,5 metro-ko kubo errektangular itxurako egitura bat jarriko dute, zuloz betetako sarez estalia, barruan plastikozko objektuak sartzeko.  Bertan, Hondakinen Prebentzioaren Europar Astean, edozeinek laga ahalko ditu ontziak eta plastikozko bilgarri garbiak (plastikoa bakarrik).  

Asmoa da, egitura hondakinez betetzen den neurrian, ikus dadila era horretako zenbat zabor sortzen dugun.

Diputazioak, ekimen horrekin eta bildutako plastikoa birziklatuz, erosketetarako 1.800 poltsa berrerabilgarri egiteko konpromisoa hartu du: lehenik, hari bihurtuko dute, gero ehun, eta azkenik ehun horrekin poltsak egingo dituzte.  Horrekin batera, 35 erosketa-gurditxo egingo dira publizitate-olanen hondakinekin, alegia, www.sindesperdicio.es ekonomia sozialeko markako publizitate olanekin.

Poltsen eta gurditxoen zozketan parte hartzeko, argazki bat egin beharko da (esku batena izan daiteke), puntu horretan plastikozko hondakin bat utziz eta gero Twiter, Facebook edo Instagramera igo beharko da #PlastikoAlPilPil traolarekin, 2018ko azaroaren 17 eta 25 bitartean.

Zozketaren oinarriak kontsultatu nahi izanez gero, eskuragarri egingo dira www.emaus.com. webgunean. Diputazioa zuzenean jarriko da harremanetan irabazleekin.