Eibarrek hautagaitza aurkeztu du "Kirolaren Europar Hiria 2023" titulurako

Ipuruako Kiroldegia.

Ipuruako Kiroldegia.

2022/07/15

Udala herriko goi mailako kirol federatuari eta eibartar kirolari anonimoei aitortza eginez aurkezten da sarira, eta baita Kirol Patronatuaren lanari eta kirolari lotutako kultura inmaterialari ere. Eibark 25.000 eta 500.000 biztanle arteko hirien kategoriara aurkezten da, eta titulua jasotzeak hainbat betebehar ekarriko lizkioke, hala nola hiriko kirol-marka ustiatzea, eta nazioarteko lehiaketa edo kongresu bat antolatzea.

Eibarrek ‘Kirolaren Europar Hiria 2023’ titulurako hautagaitza aurkeztuko du; aitortza hori urtero ematen du ACES Europak —Bruselan egoitza duen irabazi asmorik gabeko elkartea, Europar Batzordeak aitortua— zeinak urtero hainbat sari ematen baititu, hala nola Munduko Hiriburuarena, Europako Hiriburuarena, Eskualdearena, Hiriarena, Uhartearena, Erkidegoarena eta Kirolaren Herriarena.

Aitortza horiek ACES Europak ematen ditu, erantzukizunaren eta etikaren printzipioetan oinarrituz, jakinik kirola gizartea batzeko faktore bat dela, eta bizi-kalitatea, ongizate psikofisikoa eta komunitatean erabat integratzea hobetzen dituela. 

Hautagaitza honetara aurkezteko proposamena atzo aurkeztu zen Kirol Patronatuko Kontseilu Nagusian, eta gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Jon Iraola Eibarko alkateak eta Ander Curiel Kirol zinegotziak.

Eibarko kasuan, aurkezten den hautagaitza 25.000 eta 500.000 biztanle arteko hirien kategoriara sartzen da (gehieneko kupo bat dago urtero); aitortza hori Euskadiko beste hiri batzuek ere jaso zuten, hala nola  Bilbok edo Getxok. Kirolaren Europar Hiria saria beste hiri batzuek ere jaso dute: Lisboa, Malaga, Madril edo Glasgow.

Jon Iraolak eta Ander Curielek azaldu dutenaren arabera, hautagaitzaren aurkezpena bost arrazoitan oinarritzen da, funtsean.  Lehena, Eibarko goi mailako kirol federatuaren omenez.  “Eibar ezaguna izan zen industriagatik eta tailerren jardueragatik, eta azken urteotan albiste izan da Eibar KT bere futbol-klub garrantzitsuenetako baten ibilbideagatik”.

Eta baita ere txirrindularitza-proben antolakuntzan izandako jarduera saiatu eta aitortuagatik, Arrate eskubaloi-talde historikoaren lanagatik, Eibarko Klub Deportiboaren funtzio sozial eta kirol-arlokoagatik,  edo esku-pilotaren katedrala den Astelena frontoiaren jardueragatik.  “Asko dira herriari izena eta ospea eman dioten Eibarko kirol-klubak, eta haietako bakoitzaren atzean pertsonak daude, eta merezi du haien lana ere aitortzea”.

Bigarren arrazoia da Kirol Patronatua omentzea: “Aitzindaria izan baita Espainian, erreferentea urte askoan Euskadin eta Estatuan, eta Kaiten (Kirolaren Kudeatzaileen Euskal Elkartea) eta FAGDEren (Kirolaren Kudeatzaileen Espainiako Elkartea) sortzaileetako bat; eta zalantzarik gabe, asko lagundu du eibartarren artean eskola-heziketa fisikoa eta kirol-hastapena zabaltzen.”

Titulura aurkezteko beste arrazoietako bat da Eibarko kirolari anonimoen funtzioa aitortzea, hau da, egunero kirol-instalazioetara joaten diren kirolari guztiak, “gizarte moderno batek izan behar duenaren irudia direlako, alegia, gizarte aktibo, osasungarri eta konprometitu bat; kirola oso modu intentsoan bizi duen gizarte bat”.

Laugarren arrazoia da gaur egun kultura immaterialtzat ezagutzen dena aitortzea, kasu honetan kirola. “Eibarrek badaki bizikletez eta eskopetez, baina badaki baita ere enplegua eta prestakuntza sortzen kirol-materialaren industriaren inguruan, horra hor beste arrazoi bat Kirolaren Europar Hiri izendatzeko”.

Azkenik, hautagaitza hau aurkeztu da “Udalak herritarrei eta kirolariei zor dielako, futbolak, txirrindularitzak, pilotak eta beste jarduera batzuek euskal, espainiar eta europar kirolaren orbitan jarri gaituztelako, eta Eibar herriaren izenak kirol-arrakastari lotua jarraitzea nahi dugulako".

Une honetatik aurrera, eta Udalak Europako aitortza hauetara aurkezteko asmoa berretsi ondoren, udal-arduradunek sinatu dute dagoeneko eskabidea; ondoren txosten bat aurkeztuko da Eibarko kirolaren inguruko sare, historia, klubak eta instalazioak jasoko dituena.

Hautagaitza eta dagokion dokumentazioa ACES Europan aurkeztu ondoren, hurrengo urratsa izango da elkarte horretako arduradunek uda ondoren Eibarrera egingo duten bisita. Topaketa horretan, eskatzen duten informazio guztia emango zaie eta saria jasotzeko arrazoiak azalduko zaizkie. Eta 2023ko lehen hiruhilekoan, ACES Europako arduradunek erabakia hartu eta argitara emango dute zein diren aitortza jaso duten hiriburu eta hiriak.

Jon Iraolak eta Ander Curielek esan dutenez, “lortuko dugula sinistuta gaude”. Hala balitz, Eibarrek konpromisoa hartuko du 2023an hainbat obligazio betetzeko, besteak beste, honako hauek: “Eibar Kirolaren Hiria” marka ustiatzea, herrian nazioarteko lehiaketa edo kirol-kongresu bat antolatzea, edo Eibarren kirolaren alde egin den lan guztia mapan jartzea eta hedatzea”.

20220715ekoprentsaurrekoarenargazkia2.jpg
Jon Iraola alkatea eta Ander Curiel Kirol Ordezkaritzako zinegotzia.