Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarrek gaua pasatzeko neguko dispositibo bat jarriko du martxan bazterketa egoera larrian dauden pertsonentzat

Eibarrek gaua pasatzeko neguko dispositibo bat jarriko du martxan bazterketa egoera larrian dauden pertsonentzat

Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutua.

2019/02/22

Esperientzia pilotu hau Azitaingo hiltegi zaharrean kokatuko da, eta datorren astelehenean, otsailak 25, hasi eta apirilaren 14ra arte egongo da zabalik, tenperatura hotzenak izaten direnean. Harrera-lekuak hamar plaza izango ditu eta ohea, afaria, gosaria eta higiene pertsonalerako bitartekoak emango zaizkie erabiltzaileei.

Eibarko Udalak datorren astetik aurrera neguko dispositibo bat jarriko du martxan bizitegi-bazterketa egoera larrian dauden pertsonentzat, egunerokoari aurre egiteko zailtasun handiak izaten dituztenentzat eta kalean bizi direnentzat; zerbitzua hotz gehien egiten duen egunetan jarriko da martxan, pertsona horiei gaua pasatzeko harrera-leku bat eskaintzeko. Harrera-leku hori Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutuaren eraikinean egongo da, Azitaingo hiltegi zaharraren instalazioetan, hango espazioetako bat zerbitzu berrirako egokitu baita.

Gobernu-taldeak EH Bildu taldearekin iazko 2018ko aurrekontuetan izandako akordio baten ondorioz, hainbat aukera aztertu dira muturreko tenperaturekin etxerik gabeko pertsonei gauez aterpea emateko dispositiboa ezartzeko. Dispositiboak bazterketa-egoeran dauden pertsonei baliabide bat emango die gaua pasatzeko eta oinarrizko prestazio batzuk, hala nola afaria, gosaria eta higiene pertsonala.

Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan, “jabetzen gara gure udalerrian eta Debabarreneko gainerako herrietan, badirela pertsonak ez dutenak non pasatu gaua, nahiz eta asko ez izan. Horregatik, uste dut garrantzi handikoa dela espazio bat eskura jartzea, aukera emango diena aterpeturik eta baldintza egokietan lo egiteko, neguko gaurik gogorrenetan".

Zerbitzua martxan egongo da otsailaren 25etik apirilaren 14ra bitartean, eta izozteak (0 graduko tenperaturak edo baxuagoak) eta elurteak direnean aktibatuko da.  Izaera puntuala izango du eta elurte edo izozteen mende egongo da. Erabiltzaileek nahi adina bider erabili ahalko dute zerbitzua, baldin eta eguraldi txarrak irauten badu.

Hamar plaza egongo dira, gizon zein emakumerentzako, bereizita, eta bi ohe langile arduradunentzat. Zerbitzua jasotzeko ez da exijituko inolako administrazio-baldintzarik, jarraibide teknikoaz gain; izan ere, sarbide zuzeneko zerbitzutzat jotzen da eta, hortaz, ez da beharrezkoa aurretik Oinarrizko Gizarte Zerbitzutik pasatzea.

Zerbitzua arratsaldeko 20:30etik hurrengo goizeko 7:45era egongo da zabalik; hala ez da bat etorriko Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutuaren ordutegiarekin, eraikin berean baitago. Erabiltzaileei lo egiteko espazio bat eskaintzeaz gain, catering erako afari bat eta gosaria emango zaizkie.

Zerbitzu honen balizko erabiltzaileak aktibatu eta deribatzeko baldintza batzuk ezarri dira. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek, astebetera egin dezakeen tenperatura aurreikusiz, zerbitzuaren aktibazioa adierazi eta gestioaz arduratzen den entitateari jakinarazten diote —Arrats enpresa—, zeina aterpeak eta antzeko zentroak kudeatzen dituen.

Gizarte Zerbitzuek goizeko 10ak baino lehen aktibatuko dute dispositiboa, eguraldiaren iragarpenei kasu eginez. Une horretan Udaltzaingoari emango zaio zerbitzuaren aktibazioaren berri, gestioaz arduratzen den enpresari, Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutuko arduradunei eta eskualdeko larrialdietarako zerbitzuei. Pertsonak zerbitzu honetara bideratzea Udaltzaingoaren bidez egingo da.

Ekimen hau esperientzia pilotu bat da, eta apirilaren 14an itxi ondoren, bildu egingo dira Gizarte Zerbitzuetako arduradunak, Arrats enpresakoak, Udaltzaingokoak eta Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutukoak, emaitzak baloratzeko. Esperientzia positiboa bada, Udalak berriz ere jarriko du martxan zerbitzua urritik aurrera, eta hurrengo urteko apirila arte mantenduko da; aurretik lizitaziora irten beharko da kudeaketaren kontratua.