Eibarrek formakuntza soziosanitarioa bultzatzen du, Lanbide Heziketako Udal Institutuaren bitartez

Titulu profesional berri bat eskaintzeko homologazioaren zain dago Udala. Enplegu-programak formakuntzaz gain, enpresetan praktikak egiteko aukera eskainiko du.
Eibarko Udalak arlo soziosanitarioaren aldeko apustua indartzen jarraitzen du, Lanbide Heziketaren Udal Institutuaren bitartez. Erakundea "Mendeko pertsonentzako arreta soziosanitarioa gizarte-erakundeetan" izeneko 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria homologatzen ari da, Gizarte Arretaren arlo profesionalekoa.
Datozen egunetan Institutuak Lanbideko akreditazioa jasoko duela aurreikusten da, eta horri esker tituluari dagokion formakuntza eskaini ahal izango du.
Jon Iraola Eibarko alkateak ekimen honen garrantzia azpimarratu du, izan ere, herritarren enplegagarritasuna hobetzea eta arlo soziosanitarioan hazten ari den premia bat asetzea ahalbidetzen du. “Gure konpromisoa da lan-merkatuaren eskaerari erantzuten dioten eta, era berean, gizarteari ekarpena egiten dioten formakuntza-programak bultzatzea. Homologazio hau eskuratuta, erraztu egiten dugu eskaera handia eta gizarte-inpaktu esanguratsua duen lanbide baterako sarbidea”, azaldu du Iraolak.
Behin homologazioa lortuta, Udalak ziurtagiri profesional honekin lotutako enplegu-programa bat jarriko du abian. Formakuntza jaso ahal izateko, interesdunek eskola graduatua izan behar dute, edo dagozkion sarbide-probak egin. Kurtsoak 370 ordu teoriko izango ditu, eta praktikaldia enpresetan.
Vanesa Hortas Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotziak, nabarmendu duenez, formazio honek inpaktu positiboa du lan-munduan sartzeari begira. “Programa honek etengabe hazten ari den sektore batean profesional berriak formatzeaz gain, gure herriko lan- eta gizarte-ehuna ere indartuko du. Eibar erreferente izatea nahi dugu langile soziosanitarioak gaitzeko orduan, eta hau oinarrizko urratsa da norabide horretan”, adierazi du Hortasek.
Titulua lortzen duten pertsonak gai izango dira desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko, erakundeetan zein egoitzetan. Ezagutza teknikoez gain, formakuntzak tresnak eskainiko ditu erabiltzaileen autonomia pertsonala hobetzeko eta baita inguruarekiko harremana sustatzeko ere.