Eibarko Udala
Eibar mugikortasuna ingurumena

Eibarrek ere bat egiten du Mugikortasunaren Europako Astearekin

2018/09/14
Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak hainbat ekimen antolatu ditu irailaren 16tik 23ra bitartean.

Eibarko Udalak bat egingo du, beste behin ere, Mugikortasunaren Europako Astearekin; jardueraz jositako egitaraua antolatu du, “Konbina ezazu eta mugi zaitez” leloarekin.

Hala, eibartarren artean mugikortasun iraunkorra sustatzeko asmoz, Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak hainbat jarduera antolatu ditu irailaren 16tik 23ra bitartean.

Irailaren 16an, igandean, urtero bezala, Pedalaren Eguna antolatuko du Eibarko Txirrindulari Elkarteak, Udalaren lankidetzarekin batera; lehiakorrak ez diren jarduerak egingo dituzte herritar guztiei zuzenduak. Jarduerak 9:00etan hasiko dira Untzaga Plazan.

Irailaren 19an, asteazkenean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduaren diputatu Marisol Garmendia andreak Portalean, 18:30ean, azalduko du zer politika eta jarduera egiten ari diren mugikortasunaren esparruan Diputazioan.

Irailaren 20an, ostegunean, IES UNI Eibar Ermua BHI-ko hezkuntza-komunitatea ordezkatuz, aurreikusita dago ehunka bat ikasle eta irakasle kalera irtetea mugikortasun iraunkorrago eta osasuntsuago bat aldarrikatzeko "Mugikortasun Jasangarriaren Martxa”-n.  Martxa IES UNI Eibar Ermua BHI-n hasiko da 10:00etan, eta Eibarko kaleetatik igaroko da Untzaga Plazan amaitzeko.

Irailaren 21ean, ostiralean, Untzaga Plazan umeentzako jarduerak egongo dira 16:00etatik 20:00etara. Horrela, bide-segurtasuneko zirkuitu bat jarriko da martxan eta nahi duten neska-mutikoek aukera izango dute bizikleta gaineko beren trebetasunak probatzeko, eta oinarrizko nozio batzuk ikasteko hirietan segurtasunez mugitzeko.  Halaber, “Eko-bike Tailerrera”, eskulanen tailer batera, joan ahalko dira.

Mugikortasun Iraunkorraren Europako Asteko egun nagusia irailaren 22an izango da, Autorik gabeko Egunean, lelo honekin: “Hiria, nire autorik gabe!”. Eibarko Udalak gonbita egiten die herritarrei egun horretan gutxienez beren ibilgailuak laga eta beren joan-etorriak oinez edo hiri-garraioa erabiliz egin ditzaten.  Horretarako, bai UDALBUS bai TAXI-BUSa doan izango da egun osoan zehar.

Untzaga Plazan, 10:00etatik 14:00etara, bigarren eskuko bizikleten azoka egongo da, erabilitako bizikletak eta mugikortasun iraunkorrarekin lotutako objektuak (patinak, patineteak, trizikloak, kaskoak…) berrerabiltzeko xedez.

Azoka horretan, gordailu sistemaren bidez, adinez nagusiak direnek bakarrik parte hartu ahalko dute. Nahikoa izango da azokara saldu nahi diren bizikletak edo objektuak eramatea irailaren 22an bertan, larunbatean, goizeko 9etatik 10etara. Objektu horiek gordailu-zerbitzuan geratuko dira erregistratuta saltzaileak egoki deritzon prezioarekin, eta salgai jarriko dira. Nahi adina objektu laga daitezke gordailuan. Antolaketaren taldea arduratuko da hura zaindu eta saltzeaz, merkatua zabalik dagoen bitartean.

Arratsaldeko 14:00etan, saltzaileak azokara itzuli beharko dira, salmentaren zenbatekoa jasotzera edo saldu ez diren objektuak jasotzera. Zerbitzua doakoa da eta ez dira onartuko 400 €-tik gorako prezioak.

Informazio gehiago telefono-zenbaki honetan: 943670249.

Halaber, bizikletak konpontzeko doako tailer bat zabalduko da, nahi duenarentzat.  Eta, bai hilaren 21ean, arratsaldean, bai 22an, goizean, doan probatu ahalko da bizikleta elektriko bat eta, denbora mugatu batez, buelta bat eman.

Azkenik, irailaren 23an, igandean, Bikeibarrek antolatuta, aspaldiko bizikleten erakusketa bisitatu ahal izango da Untzaga Plazan 10:00etatik 14:00etara.

Hala, urtebete geroago, Eibarko Udalak apustu argia egiten du mugikortasun iraunkor baten alde, eta ingurumena kontuan hartuko duten garraiobide alternatiboak erabiltzearen alde; halaber, borondatea adierazten du pausoak emateko garraiobide alternatibo horien erabilera errealitate bat izan dadin.  

Mugikortasunaren Europako Astea kontzientziazio-kanpaina bat da, herritarren artean ingurumena kontuan hartuko duen mugikortasuna bultzatzeko; herritarrei gonbita egin nahi zaie garraio publikoa edo bizikleta erabiltzeko, eta eskatu Europako herriek garraiobide horiek susta ditzaten eta horretarako behar diren azpiegituretan inbertitu dezaten.